Ijito Herriaren Nazioarteko Egunarekin bat egin dute udalak eta Dbusek

Gaur, apirilak 8, Ijito Herriaren Nazioarteko Eguna da. Hori dela eta, Donostiako Udalak harrera egin dio ijito herriari udaletxeko udal batzar aretoan. Eneko Goia alkateak eta udal zinegotziek parte hartu dute ekitaldian, Agifugi, Kamelamos Adiquerar, Romi Bidean eta Fundación Secretariado Gitano elkarteetako kideekin batera.
Udal batzar aretoan adosturiko adierazpena irakurri dute, eta jarraian Djelem Djelem ijito ereserkiaren bideoa proiektatu dute. Horrekin batera, Gipuzkoako ijito herriaren imajinario kolektiboa aintzat hartzeko egindako gurpila aurkeztu dute. Ijito herriak ondorengoa eskatu du ekitaldian: “Garai hauetan, nazioarteko egun honen ospakizunean, gure herriarekiko batasuna, aitorpena, elkartasuna eta errespetua landu behar ditugula; izan ere, oraindik herri diskriminatua, jazarria eta gaizki tratatua gara”.
Gaur mende erdia bete da 1971ko apirilaren 8an Londresen izandako Ijito Herriaren aurreneko mundu batzarra egin zenetik, eta orduan ofizialdu zituzten ijito herriaren bandera ofiziala (berdea eta urdina, gurdi baten gurpil gorria erdian duela) eta ereserkia, nazien biktimak izandako ijitoen oroimenez sortua.