Auzo zaharreko plaza berritu nahi dute
RAZ bulegoak ‘Ategorrieta plaza’ izeneko hirigintza proiektua aurkeztu du Ategorrietako eremua berrantolatzeko, hura biribilgune batek zatikatzen baitu. Harrera ona izan du auzoko herritarren eta eragileen artean, eta ekarpen asko jaso dituzte.
Donostiara itzuli zirenetik, Ander Gortazar eta Jacek Markusiewicz arkitektoek argi ikusi zuten Ategorrietarekin loturiko proiektu bat landu behar zutela. RAZ bulegoko kideak dira, eta duela gutxi Ategorrieta plaza hirigintza proiektua aurkeztu dute. Ategorrietako galtzada zaharrak eta Intxaurrondo kaleak osatzen duten ardatz historikoaren lotura berreskuratzea du helburu. Horretarako, plaza berri bat jartzea proposatu dute, galtzada zaharraren eta Ategorrieta-Jose Elosegi hiribidearen bidegurutzean.
«Betidanik begiratu izan dugu Donostiako ekialdera. Herrerakoa naiz, baina familia gehiena Ategorrieta ingurukoa da. Ondo ezagutzen dut eremua eta izan duen bilakaera. Errepide batek Ategorrietako galtzada zaharra mozten du», azaldu du Gortazarrek. «Ni ez naiz Donostiakoa, baina betidanik gustatu izan zait Ategorrietako ingurua. Eraldatu ahal izateko aukera asko dituela iruditzen zait», gaineratu du Markusiewiczek.
Madril-Irun errepidea eraiki ondoren, Ategorrietako galtzada zaharrak garrantzia galdu zuela azaldu dute bi arkitektoek proiektuaren txostenean: «Aurreko mendeko 60ko hamarkadan, galtzada zaharraren eta errepidearen arteko bidegurutzea biribilgune bilakatu zen, hamarkadaz hamarkada handituz joan dena, eta galtzada zaharraren ardatz historikoa hautsi duena. Eraikin historiko batzuk ere eraitsi egin dira bidean, galtzadaren hiri morfologia ahulduz».
Biribilgunea, auzoaren erdian
Gortazarren eta Markusiewiczen arabera, Ategorrieta egun biribilgune bat da, auzo baten erdigunea izan zitekeen tokian. «Ibilgailu motorizatuaren menpeko diseinuak ezaugarri espazial zehatz batzuk eman dizkio inguruari, hirigune jasangarri batekin bateraezinak direnak: espazioaren erdia baino gehiago autoari eskainia, espaloi eta bidegorri estuak, desbideratze eta bidegurutze semaforiko asko oinezkoentzat eta bizikletentzat, ibilgailuen abiadura altua, soinu eta kutsadura maila altuak, eta erabilerarik gabeko espazio zentrala».
Gainera, Ategorrietak inguruan ekipamendu asko biltzen dituela azpimarratu dute: «Ekipamendu hauek kalitatezko espazio publikoa, segurua eta orekatua behar dute». Horregatik, Ategorrietan espazio publiko berri bat sortzea proposatu dute, «gertukoa, anitza eta bizia».
Ategorrieta plaza proiektua lau ezaugarri nagusi dituen hirigintza eta mugikortasun eredu batean oinarritu dute: «egokia, segurua, garbia eta efizientea». Horretarako, egungo biribilgunea auzoko espazio nagusi bihurtu nahi dute. Hierarkia berri bat beharrezkoa dela iruditzen zaie: «Oinezkoek ez dute errepidea zeharkatzen, ibilgailuek zeharkatzen dute koexistentzia gune bat».
Bidegorri bat ere kokatu dute Ategorrieta-Jose Elosegi hiribidean, galtzada zaharreko zein Txaparreneko bidegorrien arteko lotura zuzena ahalbidetzeko. Horrekin batera, Ortzadar lursailean altuera baxuko eraikin bat jartzea proposatu dute: «Plazako fatxada sortuko luke, dentsitatea eta erabilera berriak gehituz, eta operazioaren finantziazioa lagunduko luke». Eremuko trafikoari dagokionez, egungo loturak eragotzi gabe eraldatzea posible dela ikusten dute, eta garraio publikoari garrantzia eman diote, plazan bertan geltokiak jarrita. Bestalde, lurgaineko aparkalekuak bertakoen aparkaleku batera mugitzea aurreikusi dute, eta TAO gunea izatea. Azkenik, eremuak dituen «memoria eta sinbolismoa» mantentzearen alde egin dute, «erloju historikoaren eta ‘Ate Gorriak’ eskulturaren bidez».
Erantzun asko
Proposamena aurkeztuta, inkesta bat jarri zuten RAZ bulegoaren webgunean, eta erantzun asko jaso dituztela nabarmendu dute bi arkitektoek. «60 baino gehiago dira jaso ditugun erantzunak, eta gehienak euskarazkoak dira. Horrek asko poztu gaitu», adierazi du Gortazarrek. Erantzunak «askotarikoak» direla gaineratu du Markusiewiczek: «Batzuek bakarrik esan digute proiektua gustatu zaiela, baina beste batzuek ekarpen zehatzak egin dizkigute. Horietako asko interesgarriak dira».
Erantzunak jasota, esanguratsuenak erantzun eta RAZen webgunean argitaratu dituzte, Ategorrieta plaza proiektuaren atalean. «Ez dakigu nork idatzi dituen, erabat anonimoak dira. Horien artetik proiektua aberasten dutenak aukeratu ditugu», adierazi du Gortazarrek. Ildo horretatik, ekarpen eta iritzi gehiago jasotzea da beraien asmoa. Izan ere, proiektuaren prozesua «irekia» izatea nahi dute. «Proiektua ez da geurea bakarrik. Guk forma eman diogu, mahai gainean jarri eta aurkezteko», azaldu du Markusiewiczek.
Ategorrietako bizilagun elkarteekin, hezkuntza zentroekin, egoitzekin, bizilagunekin eta langileekin hitz egingo dute proiektua osatzeko. «Orain gure asmoa da pixkanaka inguruko eragileekin elkartzea. Dagoeneko batzuk gurekin harremanetan jarri dira. Interesgarria iruditzen zaiela adierazi digute», esan du Gortazarrek.
Udalarekin harremana
Eragile eta auzotarrekin ez ezik, Donostiako Udalarekin eta alderdi politikoekin hitz egingo du RAZ bulegoak. «Proiektua gehiago fintzen dugunean, Hirigintza sailera joateko asmoa dugu», dio Markusiewiczek. Udalak beraien proposamena aintzat hartuko duela uste dute. «Agian baikorregia naiz, baina proiektu honek bere ibilbidea izango duela iruditzen zait», adierazi du Gortazarrek.
Ategorrietako biribilguneak sortzen dituen «arazoak» udalak ezagutzen dituela diote bi arkitektoek. «Arazo hau ez dugu guk asmatu, eta inguruko bizilagunek egunerokoan bizi dutena da. Era berean, udalak ere badaki eremua ez dagoela ondo antolatua. Horregatik, gure proposamena irtenbide bat izan daiteke udalarentzat», azaldu du Markusiewiczek. «Errepideak garrantzia handia hartu zuenean, autobidearen sarreraren ondorioz, desjabetze asko egon ziren. Horrek auzoko ehun soziala hautsi zuen. Egoera horri buelta ematea udalari interesatuko zaiola iruditzen zait», gaineratu du Gortazarrek.
Ategorrieta plaza proiektua «egingarria» dela uste dute bi arkitektoek, eta bide horretan pausoak ematen jarraitzeko asmoa dute. «Ez da askorik behar lekua hobetzeko. Ez da zientzia fikzioa, eta ez du sekulako inbertsioa eskatzen. Horrelako proiektuak egin daitezkeela uste dugu», azpimarratu du Markusiewiczek. Horrekin batera, Ategorrietako proiektua «abiapuntu» bat izan daitekeela uste dute. «Hirian horrelako bidegurutze, biribilgune eta sarrera zein irteera gehiago daude. Ategorrietakoa eremua egokitzen bada, hiriko beste leku batzuen diseinua aldatu ahal izango da», adierazi du Gortazarrek.
Eperik zehaztu ez badute ere, denboran landu duten Ategorrieta plaza hirigintza proiektua errealitate bihurtzeko erronkari eusten diote. Ziur daude hiriarentzat onuragarria izango dela etorkizunean.