Donostia, kearen eta lanbroaren artean
Sigfrido Koch Bengoetxea argazkilariaren hainbat argazkik osatutako erakusketa dago San Telmo museoan. Horietako zenbaitetan gerra amaitu osteko Donostia ikus daiteke, baita gabarrari bat ere.
Sigfrido Koch Bengoetxea argazkilariaren 150 argazki dohaintzan eman zizkion Koch familiak San Telmo museoari 2019an, eta argazki horietako batzuekin Kearen eta lanbroaren artean izeneko erakusketa dago ikusgai San Telmo museoan, maiatzaren 23ra arte.
Erakusketak bi ildo jorratzen ditu: «Bi momentu historiko eta bi modalitate estilistiko ordezkatzen ditu Sigfrido Kochen bizitzan eta obran. Kontraesanean daudela diruditen bi mundu ordezkatzen dituzte inoiz argitaratu gabeko argazki hauek: pertsona bakarraren obra dira, ordea», Lee Fontanella komisarioaren arabera.
Lehen zatia 1936ko gerrako argazkiek osatzen dute: lehen aldiz ikusi dute argia. Hegazkin alemaniar eta italiarrek egindako bonbardaketen ondorioak erakusten dituzten argazkiak daude, esaterako. Bigarren zatia 1948ko País Vasco: Guipúzcoa argitalpenean jasotako 65 argazkik osatzen dute: tradizioak, dantzariak, pilotariak, segalariak, baserritarrak, eta zenbait herritako paisaia agertzen da argazki horietan.
Kochen zenbait argazkik Donostia erakusten dute: 1936ko gerraren amaierakoak dira batzuk. Beste batean Okendo etxea agertzen da; gabarrari bat lanean erakusten duen bat ere badago.
1936ko Gerra Donostian
1936ko uztailaren 20an hasi zen gerra Donostian. Iñaki Egaña historialariak azaldu duenez, Loiolako kuarteletako Jose Vallespin teniente-koronela eta Leon Carrasco gobernadore militarra izan ziren Donostiako erasoa zuzendu zutenak. Egañaren arabera, hiria azkar hartuko zutela pentsatzen zuten: «Donostian, ordea, espero ez zuten egoera sortu zen».
Izan ere, Larramendi kaletik sartu ziren militar matxinatuak, eta herritarrek han egin zieten aurre, eskura zituzten armekin eta etxean egindako koktelekin. CNT sindikatuko anarkistak izan ziren lehen erresistentzia fronte horretako buruak, komunista, sozialista eta ANVko kide batzuen laguntzarekin. Lehen eraso hori gelditzea lortu zuen erresistentziak, eta kolpistak hiriko eraikin esanguratsuenetan sartu ziren; Maria Kristina hotelean, Nautikoan, Ijentea kaleko Komandantzia Militarrean eta Gran Kasinoan (egungo udaletxea), hain zuzen. Errepublikaren aldekoek han setiatu zituzten kolpistak eta hildako asko egon ziren.
Eraikin horiek berreskuratu eta arma hobeak lortu ondoren, Loiolako kuartelen setioa hasi zuten errepublikazaleek. Kuartelen inguruko mendietatik setiatu zituzten militarrak. Uztailaren 28an kolpistek amore eman zuten, baina Vallespinek bezperan ihes egitea lortu zuen.
Donostia errepublikazaleen esku gelditu zen irailaren erdialdera arte. Hala ere, mugako frontean irabazi ondoren, Donostiara hurbiltzen hasi ziren kolpistak. Gerra Batzordea bildu egin zen, eta irailaren lehen egunetan donostiarrak Bilbora ebakuatzen hasi ziren.
Irailaren 13an kolpistak Donostian sartu ziren Mirakruz kaletik, eta irailaren 15ean egin zituzten azken borrokaldiak. Gero, hiria frankisten esku gelditu zen, eta hurrengo egunetan ehunka pertsona atxilotu eta fusilatu zituzten. Kochen argazkiak 1938koak dira, gerra amaitu ostekoak.
Okendo Etxea
Okendo etxea Grosen dago, Ulia mendiaren magalean. XVI. mendean eraiki zuen Miguel Okendo itsasgizon eta militar donostiarrak, Amerikan lortutako aberastasunarekin. Bere seme Antonio Okendo Espainiako Errege Armadako almirante jenerala izan zen. Amerikako konkistatzaileetako bat izan zen, eta hainbat gerratan parte hartu zuen. Kalea, plaza eta eskultura ditu Donostian konkistatzaileak.
1939an, San Millango markesak (etxearen jabeak) Donostiako Udalari saldu zion eraikina, baita Manteo baserria ere. Eraikinak Gipuzkoako kultur ondasun izendapena du, eta Okendo kultur etxea dago hor, gaur egun.
Gabarrariak
Gabarrarien lanbidea desagertu bada ere, funtzio garrantzitsua bete izan du Urumea ibaiaren inguruan. Ibaiaren hondoko hondarra biltzen zuten bokaletik gertu. Bildutako hondarra karearekin nahasten zuten baserritarrek kareorea egiteko; baratzetarako, lurra iraultzeko, eta eraikuntzarako ere erabiltzen zuten hondar hori baserritarrek.
15 tonako pisua izan zezaketen gabarra horiek, eta horregatik, gabarrarien lana neketsua eta gogorra zen. Marea baxua zegoenean biltzen zuten hondarra, eta marea igotzean Loiola aldera joaten ziren. Eguneko bi marea baxuak baliatzen zituzten maiz hondarra biltzeko. Martutene inguruko uholdeak murriztea ere ahalbidetzen zuen beraien lanak.
Kursaal eta Santa Katalina zubien artean egoten ziren gabarrariak hondarra biltzen. Argazkikoa ere hor dago: 1948an atera zuen Koch Bengoetxeak. 1960ko hamarkada aldera desagertu zen gabarrarien lanbidea.