Transportes Lasarteren egoitzako errotulu historikoa kenduko dute
Transportes Lasarte garraio konpainia itxi dute –Gipuzkoako zaharrena–, eta Alfontso VIII.aren kalean daukan egoitza Eroski supermerkatu bat bihurtuko da. Egurrezko errotulu historikoari eta kanpoaldeko egurrezko egiturari balioa eman dio Ancora elkarteak, baita barnealdeko erakusleiho eta telefono zaharrei ere. Gainera, Ancorak udalari eskatu dio egurrezko errotulua eta kanpoaldeko egitura babesteko.
Donostiako Udalak adierazi duenez, kanpoaldeko egurrezko egitura mantendu egingo dute, baita bere kolore berde bereizgarria ere. Egurrezko errotulua, ordea, egoitzaren kanpoaldetik kenduko dute, Eraikitako Hiri Ondarea Babesteko Plan Bereziak ez duelako babesten. Izan ere, plan bereziaren D mailaren barruan dago errotulua: “D mailak ez du ezer babesten praktikan. Eraikina eraitsi eta antzeko bat eraikitzen baduzu, eraikina babestutzat jotzen dute”, azaldu du Eneko Oronoz Ancora elkarteko kideak. Hala ere, errotulu historikoa gordetzeko kudeaketa lanak lokalaren jabeek egingo dutela azaldu du udalak, eta hala egingo ez balute, udala arduratuko dela hori gordetzeaz, San Telmo museoan, esaterako.