Piztu Donostiak "Udaltzaingoaren gehiegikeria" salatzeko elkarretaratzea egingo du
Aurreko astean udaltzainek adingabe bat jo eta atxilotu zuten Easo plazan, bizikletan entzungailuak jantzita ibiltzeagatik; sei udaltzainen aurka salaketa jarri du gazteak. Piztu Donostia plataformaren Eskubideen Behatokiak gertatutakoa salatu du: “Duela hamar bat egun hiru udaltzainek Amarako Easo Plazan adin txikiko bat atxilotzeko erakutsitako jarrera eta erabilitako teknika ez datoz bat, inola ere, Donostiako Udaltzaingoak bere jardueran bermatu behar duen oinarrizko eskubide sozial, zibil eta politikoekin”, azaldu dute.
Salaketa hori Eneko Goia alkateari helarazi dioten gutun ireki batean gorpuztu du Piztu Donostiak. Batetik, “Udaltzaingoak edozein herritarri zor zaizkion eskubide sozial, zibil eta politikoak errespetatuz joka dezan, behar duen neurriak har ditzala” eskatu diote alkateari. Bestetik, “informazio espediente” bat zabaltzeko eskatu diote, hau da, “ikerketaren emaitzak publiko egin ditzala, hiru udaltzainen jokabidea zuzena izan den ala ez jakiteko”, azaldu dute. Udaltzaingoaren protokoloak publiko egiteko ere eskatu diote alkateari, “gardentasunaren izenean”.
“Udaltzaingoaren funtzio nagusia herritarrak laguntzea da eta ez errepresio lanetan aritzea. Easo Plazako gertakizunek Udaltzaingoaren aurrean herritarren beldurtzea dakar eta beldurtzen duenak ez du laguntzerik”, gehitu du Piztu Donostia plataformaren Eskubideen Behatokiak.
Eskaera hori “indartzeko” eta “Udaltzaingoaren gehiegikeria hau” salatzeko, larunbatean elkarretaratzea egingo dute, 18:00etan, Bulebarrean, udaletxeko balkoiaren azpian.


