Basotxikiko eliza botatzeko lanak aurrera doaz
Intxaurrondoko Basotxiki kaleko Santu Guztien elizako lanak duela aste batzuk hasi zituzten, eta asteazkenean ekin zioten eraikin zaharra botatzeari. Donostiako Udalak 2019ko urrian onartu zuen elizaren lursailean zaharrentzako egoitza bat egiteko proiektua ahalbidetu zuen Plan Orokorraren aldaketa. Lursaila Donostiako Gotzaindegiarena zen proiektua onartu zenean, eta 80 pertsonarentzako lekua izango duen sei solairuko zaharren egoitza bat eraikitzea zen proiektuaren muina.
Gotzaindegiak IRUTXULOKO HITZAri azaldu dionez, lursaila “hirugarren bati” saldu egin zioten, eta, beraz, lanak ez daude euren esku dagoeneko. Hala ere, hedabide honek ezin izan du argitu nor den orain lursailaren jabea, ezta lanen epeak zeintzuk diren ere.
1980ko hamarkadan eraiki zuten Santu Guztien eliza, Basotxiki kalearen eta Mons pasealekuaren artean dagoen 1.750 metro karratuko lursailean. Hala ere, urte asko daramatza mezarik eman gabe eta hutsik.