Ekonomia suspertzeko 11 milioi euro bideratuko ditu udalak

Prek Marisol Garmendia eta Eneko Goia, ekonomia suspertzeko planaren aurkezpenean, 2021ean. (Argazkia: Donostiako Udala)

Donostiako Udalak hiriko Ekonomia Suspertzeko ESP 2021 Plana jarri du abian, Donostia Sustapenaren bidez. COVID-19ak eragindako krisiak donostiarrengan eragindako ekonomia inpaktua arintzen jarraitzea da udalak aurkezturiko planaren helburua. Eneko Goia alkateak eta Marisol Garmendia Ekonomia Sustapeneko zinegotziak eman dituzte gaur goizean planaren xehetasunak. Udal gobernuak duela gutxi onarturiko 2021ko aurrekontuetan oinarritzen direla adierazi dute biek. Era berean, Elkarrekin Donostia eta PP udal taldeekin adosturiko aurrekontu zatiek duten garrantzia azpimarratu dute.

Planak askotariko neurriak jasotzen ditu, eta 11 milioi euro inguruko balioa dute. Merkataritza eta ostalaritza laguntzeko neurriak dira esanguratsuenak: ekainean abiatuko duten kontsumorako erosketa bonoen kanpaina, zuzeneko laguntzak eta zabor zein tasen hobariak. Bestalde, ia laguntza guztietan estrategikotzat jotako kolektiboentzako gehigarri bat jasotzen da: emakumeak, gazteak eta 45 urtetik gorakoak.

“Ekonomia suspertzea eta okerren pasatzen ari diren sektoreei laguntzea da udalaren jarduera nagusia”, adierazi du Goiak. Pandemiaren eraginez, azken urtean langabetu kopurua handitu dela gaineratu du Garmendiak: “1.100 pertsona gehiago daude lanik gabe Donostian, eta langabezia tasa %10 ingurukoa da”. Hori dela eta, enplegua sortzen jarraitzea “erabateko lehentasuna” dela esan du Ekonomia Sustapeneko zinegotziak; “bereziki tokiko merkataritzaren eta ostalaritzaren sektoreetan”.

Ekonomia Suspertzeko ESP 2021 Planaren diru banaketa:

  • Enplegua – 3,5 milioi euro: Langabezian diren pertsonen arreta eta orientazio zerbitzua mantendu egiten da, zerbitzuen digitalizazioari esker hobetuta, eta lana suspertzeko zerbitzua sendotu egiten da, 45 urtetik gorakoei eta emakumeei bereziki erreparatuz.
  • Merkataritza eta ostalaritza – 4,1 milioi euro: Jarduera mantentzen laguntzen duten zuzeneko laguntza ekonomikoak ezartzen dira, milioi 1 euroko balioa duten erosketa-bonoen kanpaina berri baten bidezko kontsumorako pizgarri berriekin batera, ekainetik aurrera aktibatuko dena.
  • Ekintzailetza – 715.000 euro: Bide telematiko berrien bidezko arreta orokorrerako zerbitzua eta enpresa berriak eratzeko laguntzak ere mantendu egiten dira, izapideak eta ordainketak sinplifikatuta, eta hiriaren berrikuntzari begirako bio-osasuna, adimen artifiziala edota industria 4.0. etorkizuneko sektoreak kontuan izaten dira.
  • Enpresak – 975.000 euro: Enpresa-proiektu berritzaileetarako laguntza ekonomikoak eta transferentzia teknologiko bonoak mantendu egiten dira, azken urteotan sendotu egin direnak, eta tokiko ikerketa-zentroekin lankidetzarako ildo argi bat planteatzen da.
  • Hiriko erronkak – 100.000 euro: Hezkuntza plataformaren inguruan Berrikuntzaren Astea, gizarte eraldaketarako proiektuen laguntzak, ekonomia zirkularreko proiektuetarako laguntzak eta emakumeak zientziaren eta berrikuntzaren esparrutan betetzen duen zeregina ikustaraztearen aldeko apustua artikulatzen dira.
  • Gizarte izaerako programa zehatzak – 1,54 milioi euro: Etxerik gabeko pertsonen elikadura-premiei erantzuteko programak, gizarte-larrialdiko laguntzak, lan partekatuaren planerako laguntzak eta Uba aterpetxearen erabilpena jasotzen dira.
  • Emakumearentzako laguntza zehatzak programa desberdinetan: Bazterkeria-arriskuan diren emakumeei begirako enpleguaren sustapena; Emakumeen kontrataziorako laguntzak (Lanbide); Emakumeentzako merkataritza eta ostalaritza jarduera mantentzeko laguntzak; Emakumeen enpresa berriak sortu edota sendotzeko laguntzak; eta emakumeak zientziaren eta berrikuntzaren esparruetan betetzen duen zeregina ikusaraztearen aldeko apustua.
  • 45 urtetik gorakoentzako laguntza zehatzak programa desberdinetan: Enpleguaren sustapena; Kontrataziorako laguntzak; Lana suspertu eta orientatzeko programa; eta enpresa berriak sortzeko laguntzak.
  • Pertsona gazteentzako programa zehatz eta zeharkakoak: Nazioarteko mugikortasuneko programa eta enpresekin konektatzeko Gazteen Talentu Azoka.

Donostiako Udalak 6,2 milioi euro bideratu zituen iaz pandemiak eragindako krisiaren eraginak arintzeko merkataritza eta ostalaritzara bideratutako laguntzetara. 3,2 milioi zuzeneko laguntzetarako eta merkataritza eta ostalaritza laguntzeko 180.000 bonoetarako izan ziren. Hiriko 2.000 establezimenduk laguntzen onura jaso zuten, horietako % 41 ekialdean kokatuak. 739 lanpostu sortzea lortu zen eta ia 9.000 enplegu sendotu ziren Donostia Sustapenak txertatutako laguntza-ildo ezberdinei esker. Bestalde, 2.000 emakume inguru izan ziren neurri horien onuradun.

HITZAkide HITZAkide