Igeldoko Domengina eta militar frantsesa

Igeldoko Domengina izeneko emakume arraunlari bat ezaguna egin zen XVII. mendean, kapitain frantses bat erail zuelako Molinaon. Istorio bitxia berreskuratu du Altzako Historia Mintegiak, ‘Estibaus’ webgunean.

Dario de Regoyos artistaren 'Bateleras (Pasajes)' izeneko artelana. (Argazkia: Bilboko Arte Ederren Museoa) Dario de Regoyos artistaren 'Bateleras (Pasajes)' izeneko artelana. (Argazkia: Bilboko Arte Ederren Museoa)

Hala zioen Lope Martinez Isasti apaiz eta historialari lezoarrak 1625ean Gipuzkoako historiari buruz idatzitako liburuan: “Itsasoko ekaitzei beldurrik ez, eta gizonak balira bezala arraun egiten duten emakume kementsuak ditu leku honek [Pasaiako portuak]. Itsasoan bidaian dabiltzan gizonen faltan, emakume horiek beraien txalupetan erregearen armadako galeoiak eta Ternuatik datozen itsasontziak portuan sartzen dituzte. Nagusiek goretsi egiten dituzte, nahiz eta Gipuzkoako kostan arraroa izan”.

Altzako Historia Mintegiak Estibaus webgunean berreskuratu du Pasaiako portuko emakume arraunlarien historia. Inguruko gizonak itsasoan ibiltzen ziren arrantzan denbora luzez, eta emakumeak ziren portuan itsasontziak sartzen zituztenak. Gainera, Martinez Isastik dioenez, armak erabiltzera ohituta zeuden, eta erasoak jasaten zituztenean, “euren burua defendatu” izan zuten.

Emakume horietako bat Igeldoko Domengina izan zen. 1522an frantsesek Hondarribia hartu zutenean, inguruko herrietara joan ziren militarrak. Martinez Isastik kontatzen duenez, kapitain frantses bat zaldi gainean eta soldadu batzuekin Molinaora joan zen, “gaizkia” egitera. Igeldoko Domengina beregana gerturatu zen txaluparekin, eta tiro bat jota kapitaina hil zuen. Soldaduek gorpua zaldira lotu zuten, eta kapitaina lurperatzera joan ziren. “Horrela erasoaldi guztiak eten ziren inguru horretan”, idatzi zuen historialariak.

Ardoa garraiatzen zuen

Iago Irixoa eta David Martin historialariek egindako ikerketa batean ere azaltzen da bere burua eta ingurukoak defendatu zituen emakumea. Izan ere, 1540an Hondarribitik Pasaiara Bordeleko (Okzitania) ardoa garraiatzeko baimena eman zioten Igeldoko Domenginari, beste emakume batzuei bezala.

HITZAkide HITZAkide