"Dirua gehiegi sartu da futbolaren munduan, eta xarma pixka bat galdu du"
Datorren astelehenean 40 urte egingo ditu Realak lehen Liga irabazi zuenetik. Gijongo Sportingen aurka berdinduta lortu zuten txuri-urdinek Liga, eta Juanan Larrañagak (Azpeitia, 1958) azken hamabi minutuak jokatu zituen: denboraldi horretatik 1994. urtera arte aritu zen Larrañaga lehen taldean. Orain, EITBn esatari gisa ari da, eta herrietako futbol taldeei laguntzen die tarteka.
Nola oroitzen duzu 1981eko apirilaren 26a?
Halako gauzak, halako uneak, gustura gogoratzen dira beti. Oroitzen dut sekulako poztasun giroa zegoela zelaian, aldagelan eta Gijonera bidaia egin zuten zaleen artean. Taldeko jendea, jokalariak eta zaleak batera geundela, horrela gogoratzen dut.
Aulkian hasi zenuen partida hura. Tentsioa nabari zen?
Tentsio handia zegoen bai, partida nola joan zen ikusita, batez ere. Galtzen ari ginela ikustean, aurreko denboraldiko mamuak etorri zitzaizkigun. Izan ere, nahiz eta ni oraindik lehen taldean ez izan, azken aurreneko jardunaldian Sevillan galdu genuen liga, eta urduritasuna nabari zen.
Hala ere, konfiantza genuen partida aurrera aterako genuela. Ez genuen zertan irabazi behar, gol bakarra falta zen, eta zorionez, iritsi zen.
Real Madrilek lehenago amaitu zuen bere partida, eta galtzen zindoaztela ikusita Liga ospatzen hasi ziren.
Guk halako gauzei ez genien kasu gehiegi egiten. Bagenekien Real Madrilek bere partida amaitu eta irabazi zuela, keinu bat egin zigutelako aulkietatik.
Baina guk golaren bila jarraitu eta gainontzeko guztia ahaztu genuen, arrisku batzuk hartuz. Eta azkenean ondo atera zitzaigun. Soilik berdinketa genuen buruan, eta azkenean lortu genuen.
Galtzen ari zinetela atera zinen zelaira?
Bai. Hamabi minutu inguru falta ziren zelaira atera nintzenean, 2-1 galtzen ari ginela. Pare bat aldaketa egin zituen entrenatzaileak, eta horietako bat ni izan nintzen. Berdintzea lortu genuen, eta ikusgarria izan zen ondorengo guztia.
Halako tentsio unean zelairatzean, nolakoak ziren entrenatzailearen mandatuak?
Gauzak nola zihoazen ikusita, entrenatzaileak zelaian geunden jokalarioi laguntzea bilatu zuen gehienbat. Aldaketekin, batez ere, zelai erdia indartu nahi izan zuen Ormaetxeak, baloi gehiago berreskuratzeko eta erasoan gol aukera gehiago sortzeko.
Nola ospatu zenuten Gijonen?
Gijonen bertan gutxi egon ginen, Madrilera joan baikinen zuzenean, handik gutxira Kopako partida genuelako Sevillan. Partida amaitu zen unea izan zen onena, El Molinon estadiora joan ziren realzaleekin ospatu ahal izan genuelako. Oso eguraldi txarra egin zuen gainera, baina jendeari ez zitzaion inporta, eta zelaian bertan ospatu genuen zaleekin, lokatzez beteta.
Aldagelan oso hunkigarria izan zen ospakizuna. Nire lehen urtea zen Realaren lehen taldean, baina gainontzekoek aurreko denboraldian azken aurreneko jardunaldian galdu zuten Liga, eta negar betean zeuden gehienak. Ni han nengoen eta bat gehiago nintzen, baina egiatan, Liga haiena zen.
Donostiara bueltan Gipuzkoako herri gehienetan geratu zineten. Nolakoa izan zen harrera?
Esan bezala, partida horren ostean Sevillara joan behar izan genuen Kopako partida bat jokatzera. Handik bueltan, Gasteizen gelditu ginen, eta Donostiara bidean, pasatzen ginen herri guztietan gelditu behar izan genuen, jendea kalean zegoelako. Handia izan zen.
Jendea Atotxan ikustera geunden ohituta, baina ez herrietako kaleetan hainbeste zale ikustera. Ni azpeitiarra naiz, eta banekien jende gehiena realzalea zela, baina Atotxara joaten ez zen jendea ere atera zen kalera. Luzea izan zen itzulerako bidaia. Horrelakorik ez dut gehiagotan bizi, eta zer den jakiteko bertan egon behar da.
Azpeitiatik pasa zineten?
Azpeitian ez ginen geratu, ez. Urretxu eta Zumarraga ingurutik Goierri aldera joan ginen, eta handik itzuli ginen Donostiara. Baina banekien Azpeitiako kaleak jendez gainezka egongo zirela. Herrira itzuli nintzenean oraindik jende mordoa zegoen, ezin zen ia ibili ere egin. Jende guztiak gelditzen ninduen zoriontzeko, pozez zoratzen. Hiru edo lau eguneko kontua izaten da, baina une hori oso polita izan zen.
Bi Ligak irabazi osteko denboraldietan presioa nabaritzen zenuten?
Jokatzen ari zarenean nabaritzen duzu presioa, jakin baitakizu partida eta urte garrantzitsuak direla. Oso talde ona genuen, esperientzia handikoa, eta lehen taldera iritsi berri ginenak nahiko lasai geundela uste dut. Ondo eraman genuen presioa, eta horregatik irabazi genituen bi Liga.
Euskal Herrian, gainera, urte zailak ziren horiek, eta jendeari uste dut ondo etorri zitzaiola Realak eta ondoren Athleticek horrelako arrakasta izatea.
Harremana duzue oraindik urrezko belaunaldi horretako jokalariek zuen artean?
Harremana mantentzen dugu oraindik, baina bakoitzak bere bizitza du. Tarteka ikusten dugu elkar, batzuekin beste batzuekin baino gehiago.
Elkartzen zaretenean gogorarazten diozue Zamorari El Molinonen sartu zuen gola?
Gertu bizi gara elkarrengandik, eta askotan ikusten dut, baina momentu berezietan gogorarazten diogu, ez aurkitzen dugun bakoitzean. Apirila gerturatzen doanean edo ekitaldi berezietara joaten garenean, batez ere.
Hala ere, Zamorari baino gehiago, Bixio Gorrizi gogorarazten diogu eman zion pasea. Beti esaten diogu bere bizitzan egin duen jaurtiketarik okerrena izan zela, baina paserik onena.
1982/1983 denboraldian Europako Kopan finalerdietara iritsi zineten. Nola joan zen txapelketa?
Urte horretan taldeak erakutsi zuen zertarako gai zen. Denboraldi onak egitetik zetorren taldea: 1979/1980 denboraldian Ligan bigarren egin zuen, eta hurrengo biak irabazi genituen. Baina Europan gauzak ondo egiteko gai ginela erakustea falta zitzaigun, eta erakutsi genuen.
Finalerdietara iritsi ginen, eta kanporaketa ona egin genuen gainera Hanburgoren aurka. Epailearen gora beherak, baina, handiegiak izan ziren itzuleko partidan, eta horrek finala jokatzeko aukera kendu zigun.
Kanporaketa onak egin genituen, txapelketa oso ona egin genuen, eta Europari erakutsi genion ez zela egun bateko gauza bat izan Reala hor egotea, egitura eta talde ona zuela baizik.
Egia al da Hanburgoko partidan marrazaina ez zela benetako epailea?
Marrazain batek min hartu zuen, eta handik zebilen bertako bat ipini zuten atsedenaldian. Garai horretan gertatzen ziren gauzak dira, orain pentsaezina da hori.
Gure ustez, Hanburgoren bigarren gol hori ez zen legezkoa izan, baina horrela gertatu zen eta haientzat izan zen kanporaketa.
Ordutik, pare bat aldiz jokatu du Realak Txapeldunen Ligan. Nola bizi zenituen horiek futbol zelaitik kanpo?
Beste belaunaldi batzuk dira, eta kanpotik bizi izan ditut. Guk urte askotan hartu genuen parte Europako txapelketetan: Europako Kopan, UEFAko Kopan eta Errekopan. Ondorengo belaunaldiek ere erakutsi dute Realak Europan egoteko maila duela, eta hori oso garrantzitsua da.
Azkoitiko eta Azpeitiko jokalari dezente igotzen ari dira Realaren lehen taldera azken urteetan.
Urola bailaran lana ondo egiten dela uste dut, baina Gipuzkoa osoan ere bai. Nik gertutik ezagutzen dut, laguntzen ibiltzen naizelako, eta ikusten da denek egiten dutela oso lan ona. Gainera, Reala beti dago ondoan, laguntzeko prest. Hain eremu txikian horrenbeste jokalari on lehen mailara iristeak meritu handia du, eta ez da Realarena bakarrik, herrietako klubena ere.
Azpeitian eta Azkoitian jokalari on asko ateratzen dira, baina gainontzekoetan ere, eta horrek esan nahi du oinarrizko kategorietan oso ondo egiten dela lan.
Zer iritzi duzu igande gauean aurkeztu zuten Europako Superliga berriaren inguruan?
Kaltegarria izango dela iruditzen zait. Nik adin bat daukat, eta guk bizi izan dugun futbolean ez dut Superliga hau imajinatzen. Diru asko dago jokoan, eta talde handiek poltsa horren inguruan ibili nahi dute. Aurrera ateratzen bada, kaltegarria izango da ezagutzen dugun futbolarentzat.
Nik futbola orain dagoen moduan maite dut, eta Reala horren erakusgarri garbia da: etxeko jokalariekin maila ona erakusten du Europan. Eta Superliga honek horrekin amaituko du. Zer motibazio izango du Realaren mailako talde batek orain arte egin duen lana egiten jarraitzeko?
Espero dut buru gehiagorekin jokatzea eta futbolaren alde egitea, eta Superliga bultzatu duten horiek azkenean aurrera ez ateratzea.
Nola ikusten duzu futbolaren mundua?
Uste dut dirua gehiegi sartu dela. Egia da jokalarientzat aproposa izan daitekeela, neurri batean irabazten ateratzen direlako, baina aldatu egin dela uste dut.
Ziur naiz gure garaian zaharragoek berdina pentsatuko zutela guregatik, baina 1980ko hamarkadan ezberdin bizitzen zen futbola. Diruaren inguruan mugitzen dira talde guztiak, eta futbolak xarma pixka bat galdu duela sentitzen dut.
Esatari eta entrenatzaile gisa jardun duzu erretiroaren ostean. Nola bizi duzu futbola kabinatik?
Pasio ezberdinarekin bizi dut orain. Ez da berdina berdegunean edo kanpoan egotea, eta orain lasaiago bizi dut. Lasaitasun horrek, gainera, bestelako gauzak ikusten eta nabarmentzen laguntzen dit. Eta, batez ere, gozatu egiten dut. Realak gazteekin egiten duen lanarekin eta jokatzeko moduarekin, adibidez.
Baina, esango nuke, futbolaren munduaz orokorrean gozatzen dudala, ez lehenengo mailaz bakarrik. Telebistan, adibidez, bigarren mailako partidak ematen ditugu, gazteekin ere lan egin dut, eta jarraitzen dut laguntzen. Futbol kontuetan ibiltzen disfrutatzen dut.
Noiz izan zara zoriontsuago. Jokalari gisa edo gero?
Jokalari bezala, dudarik gabe. Gustatzen zitzaidanaz bizi nintzen, eta kakotxen artean pribilegiatu bat nintzela sentitzen nuen: urte luzez lehen mailan aritu naizelako, partida asko jokatu ditudalako, Ligak eta bestelako txapelketak irabazi ditudalako, Espainiako Selekzioarekin debuta egin nuelako eta 21 urtez azpiko Espainiako Selekzioarekin Europako Txapeldun izan nintzelako.
Alde horretatik betea sentitzen naiz. Orain, esan bezala, beste modu batean bizi dut, baina zoriontsua izaten jarraitzen dut, e.
Azken Errege Kopako finalean esatari gisa aritu zinen Euskadi Irratian. Nola joan zen kontakizuna?
Kontakizuna ez zen erraza izan, partidak ez baitzuen komentatzeko asko. Sekulako partida ikustea espero genuen, baina final bat bezala joan zen azkenean. Inork ez zuen partida galdu nahi, eta asko kostatu zitzaien aurrera egitea; Realak egin zuen bigarren zatian, eta nagusitu egin zen.
Batez ere, lasai ikusi nituen jokalariak. Esan bezala, orain lasaiago ikusten ditut partidak, eta norgehiagokak aurrera egin ahala konfiantza handia nuen taldearengan.
Zer dela eta ez zinen joan Sevillara?
Gonbidapena banuen, baina lana nuen irratian, eta horri eutsi behar nion. Besterik gabe.
Zure azken denboraldian estadio aldaketa bizi zenuen. Zer sentitzen duzu hemen egotean?
Giroak ez zuen zerikusirik; Atotxan eta Anoetan partidak jokatu eta ikusi ditugunok ondo dakigu. Oso zelai ezberdinak dira. Anoetan etxetik kanpo jokatzen genuela zirudien beti. Ez jendeagatik, baizik eta harmailak zelaitik oso urrun zeudelako.
Atotxan gertutasuna zegoen zaleen eta jokalarien artean, eta zelaia ere oso ezberdina zen, Atotxakoa makalagoa baitzen, eta Anoetakoa bizkorragoa. Niretzat ez zen erraza izan aldaketa, eta uste dut jokalariei ere ez ziela onurarik egin zaleak hain urruti egoteak.
Orain denak gertuago daude eta estadioa itxiagoa da; honek taldeak eta zaleek bat egiten laguntzen du.
Ikusi al duzu partidarik Anoeta berrian?
Bai, bazkide naiz. Irratia eta telebista dela eta, gutxi, baina pandemiaren aurretik tarteka etortzen nintzen nire lekura lagunekin.