Transportes Lasarteren egoitzako errotulua bertan mantentzeko eskatu du Ancorak

Transportes Lasarte garraio konpainia itxi dute –Gipuzkoako zaharrena–, eta Alfontso VIII.aren kalean daukan egoitza Eroski supermerkatu bat bihurtuko da. Barnealdeko erakusleihoak dagoeneko eraitsi dituztela salatu du Ancora elkarteak, eta egurrezko errotulu historiko babesteko eta bertan mantentzeko eskatu dio udalari. Izan ere, “ondare kolektiboko balioa” du errotuluak Ancoraren arabera, eta ez dute begi onez ikusi San Telmo museoko biltegian gordetzea (hori da udalaren asmoa). Errotulua leku berean mantentzeko eskatu dute, “aberastasun historiko eta estetikoa” eskaintzen diolako hiriari, eta errotulu honek, zehazki, 110 urte eta 5 metroko tamaina ditu: horrek “berezi” egiten du Ancorarentzat.
Errotulua bertan mantentzea “guztiz bat dator” lokalak etorkizunean izango duen funtzioarekin, Ancora elkartearen arabera. Gainera, Eroskirekin eta Lasarte familiarekin hitz egin dute, eta bi aldeak bat datoz errotulua bertan mantzentzearekin, elkartearen arabera. “Udalak eskakizun hori onartzea baino ez da falta”, adierazi dute Ancorakoek.