Gurpildun aulkiko eskrimaren Espainiako Kopa jokatzen ari dira Donostian
Gurpildun aulkiko eskrimaren Espainiako Kopa jokatzen ari dira Pio Baroja kiroldegian. Gaur banakako probei ekin diete, eta bihar, aldiz, taldeko probak egingo dituzte. Hamar kirolari ari dira parte hartzen: Valladolidekoak (Espainia), Malagakoak (Espainia), Ciudad Realekoak (Espainia), A Coruñakoak (Galizia), Vigokoak (Galizia), eta Donostiakoak dira parte hartzaileak. Lau dira Kopan jokatzen ari diren donostiarrak, laurak Fortuna kirol elkartekoak: Alex Prior, Manu Quesada, Ayem Oskoz eta Ramon Gonzalez. Bihar jakingo da zein kirolari izan den Espainiako Estatuko txapelduna, eta Fortuna kirol elkarteko Alex Prior donostiarra da irabazteko aukera gehien dituena; aurreko urteko txapelduna da.
Fortuna kirol elkarteko lau kirolariek urte guztian zehar entrenatzen dute: aurten Valladoliden eta Ciudad Realen egon dira Espainaiko txapelketako probetan. Bestalde, Frantziako Estatuko selekzioarekin topaketa bat ere prestatuta dute.