Hondakinen bilketaren ordutegiak berrantolatzea proposatu du EH Bilduk
(Argazkia: Parte Zaharrean Bizi) Soinu eta zarataren kutsadura dela eta udalak hartuko duen jarrera arautzen duen Udal Ordenantza eguneratzen ari da Donostiako Udala, eta EH Bilduren ustez, “bada garaia zaborra biltzeko ordutegiak berrantolatzeko, herritarren lo-zikloa babesteko”. Udal gobernuak egindako testuari zuzenketak aurkeztu dizkio EH Bilduk, eta proposatutako aldaketa nagusia honakoa da: “Galarazita egon behar luke hondakinak biltzea eta zarata sortzen duten garbiketa lanak egitea bizitoki eta osasun inguruetan 00:00etatik 07:00etara”.
EH Bilduk gogorarazi duenez, donostiarren %28,4k gehiegizko zarata jasaten dute egunez, eta %37,9k, gauez. “Jakina denez, kutsadura akustikoa osasun-arazoen iturri izan daiteke, batez ere esposizio luzea badago. Beraz, hirietako bizi-kalitatean eragin zuzena duen faktorea da”, azaldu dute.

