Egoerara egokitutako jaiak egiteko, baliabideak eskatu dizkiete jai batzordeek udalari

2020ko udako jai herrikoien aldeko kalejira, Zipotz jaietan. (Argazkia: Paul Garcia) 2020ko udako jai herrikoien aldeko kalejira, Zipotz jaietan. (Argazkia: Paul Garcia)

Auzoetako jai batzorde ugarik koordinakunde bat osatu dute, Donostiako Udalari eskakizun bateratu bat egiteko. Sinatu duten manifestuan, “momentuan momentuko neurrien araberako jaiak edo kultur ekitaldiak” antolatu ahal izateko, zenbait eskakizun egin dizkiote udalari: dirulaguntzak mantentzea, baimenak lortzeko epeak egoerara moldatzea, jaiak edota kultur ekitaldiak egiteko aukerarik balego, udalak azpiegiturak jartzea, eta giza baliabideak beharko balituzte, horiek eskaintzea.

Jai batzordeek jaiak antolatu nahi dituzte: “Ez dira lehengo jai berberak izango, eta gure konpromisoa adierazi nahi dugu: geu ere egoerara moldatuko gara, momentuan momentuko neurrien araberako jaiak edota kultur ekintzak antolatuko ditugu; guri dagozkigun osasun neurri guztiak beteko ditugu eta horretarako, zuen laguntza eta babesa ezinbestekoak izango dira”, esan diote udalari.

Izan ere, auzoetako jai batzordeek adierazi dute udalaren dirulaguntzak “beharrezkoak” dituztela jai edota kultur ekitaldiak antolatzeko, eta udalak lagundu ez izana salatu dute: “Trabak besterik ez ditugu aurkitu elkarrekin egin genezakeen bidean: zuekin elkartzeko zailtasunak jarri zenizkiguten, dirulaguntzak ukatu, erantzunik jaso gabe gelditu ginen hainbat jai batzorde… Zuen erantzun bakarra honako hau izan zen: ez genuela gure hiritarren osasuna bermatzeko nahikoa baliabiderik. Guk argi dugu: zuek hiritarren osasuna bermatzeko baliabideak lortzen laguntzeko egin duzuen ahalegin bakarra dirulaguntzak kentzea izan da”, adierazi dute manifestuan.

“Jai herrikoi, parte hartzaile eta euskaldunak bizirik daude zuek isildu nahi duzuen Donostian. Eta bai, posible da: posible da, osasuna lehentasun izanda, momentuko egoera kontuan hartuz, jaiak aurrera ateratzea”, adierazi dute auzoetako jai batzorde ugarik.

Donostia Festakek, berriz, auzoetako jai batzordeekin biltzeko asmoa adierazi du: “Oraingoz ez da festarik egingo, maiatzaren 9an bukatzen da alarma egoera eta maiatzaren erdialdean bilduko dira auzoetako festa batzordeekin egoera zein den aztertzeko, baina oraingoz ez da erabakirik hartu”.

Manifestua sinatu duten jai batzordeak honakoak dira: Antiguoko jai batzordea, Intxaur jai batzordea, Karmengo Jaiak, Amarako jai batzordea, Amara Berriko jai batzordea, Loiolako jai batzordea, Groseko jai batzordea, Igeldoko jai batzordea, Añorga Txikiko jai batzordea, Ibaetako jai batzordea, Larratxoko jai batzordea, Herrerako jai batzordea, Porrontxo jaiak, Añorgako jai batzordea, Intxaurrondo Zaharreko jai batzordea, Txomin Eneako jaiak, Amara Berriko auzo elkartea, Donostiako Piratak, Ipar Intxaurrondoko jaiak (San Juan jaiak) eta Martuteneko jaiak.

HITZAkide HITZAkide