Maria Inmaculada komentuan hotel bat eraikitzeko plana eten du udalak
Donostiako Udalak Groseko Maria Inmaculada komentuaren eremuan lau izarreko hotel bat, supermerkatu bat, aparkaleku bat eta hezkuntza-zentro bat eraikitzeko asmoa zuen, baina proiektua eten dute. Izan ere, planak Maria Inmaculada ikastetxeak eremu berean jarraitzea aurreikusten zuen –beste eraikin batean–, baina udaleko batzordean onartu eta egun batera, Maria Inmaculada komentuko mojek erabaki zuten ikastetxea itxi egingo dutela. Horren ondorioz eten du plana udalak, eta orubeko hirigintza-aldaketak ez dituzte onartuko gaurko udalbatzarrean. Udaleko iturrien arabera, Nekane Arzallus Hirigintza zinegotzia “oso haserre” dago mojen jokabidearekin.
Hasierako planaren arabera, Ategorrieta etorbidearen eta Marino Tabuyo eta Jose Maria Soroa kaleen artean dagoen komentua lau izarreko hotel bihurtuko zuten, eta orubean aparkaleku bat eta supermerkatu bat eraikitzeaz gain, Maria Inmaculada ikastetxea mantenduko zuten. Komentuaren kanpoaldea eta San Pio X.aren elizarena mantenduko zituzten, Eraikitako Hiri Ondarea Babesteko Plan Bereziak babesten dituelako.
Ondorioz, etenda geratu da Maria Inmaculada komentuaren orubean hirigintza-aldaketak burutzeko proiektua.