COVID-19ak eragina izan du erroldaren datuetan
Donostiako Udalak 2020ko erroldaren datuen berri eman du, eta bi datu nabarmendu dituzte. Batetik, iaz 315 hildako gehiago egon zirela, eta, bestetik, atzerritarrak biztanleriaren %8,5 direla.
Iazko abenduaren 31ko datuen arabera, hiriak 188.102 biztanle ditu. 2019an baino %0,07 gutxiago (188.243). Erroldaren datuetan eragin zuzena izan du COVID-19ak, Eneko Goia alkatearen ustez: «Hildako guztiak ez dira izan koronabirusaren eraginez, baina agerikoa da lotura duela heriotz kopuruan».
2020an 2.182 pertsona hil ziren Donostian, hau da, iaz baino 315 gehiago. Aldiz, 1.205 pertsona jaio ziren, hau da, iaz baino 14 gutxiago. Beraz jaiotako pertsonak baino 977 pertsona gehiago hil ziren, hau da, azken urteetan baino askoz gehiago (2019an aldea 648koa izan zen).
Horrez gain, biztanleen %52,75 emakumezkoa da, eta gehiago bizi dira. Are gehiago, 65 urtetik gorako biztanleei erreparatzen badiegu, %59,4 emakumeak dira. Eta 80 urtetik gorako biztanleen artetik %69 emakumeak dira. Erdialdea eta Gros auzoak dira batez besteko adin handiena duten auzoak (49 urte), eta aldiz, Aiete, Ibaeta, Loiola eta Miramon-Zorroaga dira batez besteko adin txikiena dutenak (43 urte).
Atzerritar gehiago
Donostiako atzerritar kopurua %1,8 hazi da 2020an. Guztira, 131 herrialdetatik etorritako 16.009 biztanle daude, hau da, iaz baino 295 gehiago. Hortaz, atzerritarrak hiriko biztanleen %8,5 dira (2019an %8,3 ziren). Hondurasek jarraitzen du atzerritar kopuru handiena izaten (2.196 biztanle). Jarraian Nikaragua (1.938) eta Maroko (1.124) daude. Hiru herrialde horietako biztanleak dira hiriari atzerritar gehien ematen dizkiotenak. Eta Italiatik, Frantziatik eta Kolonbiatik etorritakoak dira gehien hazi direnak. «Hortaz, ondorioztatu daiteke hiriak biztanleen kopurua mantendu duela atzerritarren hazkundeari esker», adierazi du Goiak.
Amara Berri, lehen postuan
Hiriko auzoen artean ez dago aldaketarik biztanle gehien eta gutxien dituztenen artean. Hortaz, Amara Berri da biztanle gehien dituen auzoa, 30.392 biztanlerekin (biztanleen %16,2). Jarraian Erdialdea (22.102) eta Altza (20.219) daude. Bestalde, Zubieta da biztanle gutxien dituen auzoa, 271 (%0,14). Gainera, Loiola da 2020an gehien hazi den auzoa, %5,1. Txomiñenearen garapena da horren arrazoia, udalak adierazi duenez. Txomiñeneko biztanleria %25,4 hazi da.
Jaiotze-tasa eta zahartze-indizea
Jaiotze-tasak behera jarraitzen du, eta 6,42 puntukoa da (2019an 6,50koa izan zen). Beraz, datuak erregistratu egiten direnetik izandako tasarik baxuena da. Zahartze-indizeari dagokionez, gora jarraitzen du eta 191,8koa da; hau da, iaz baino 5 puntu gehiago. Ondorioz, hirian 65 urtetik gorako 1,91 pertsona daude 15 urteko pertsona bakoitzeko. Ehunekoei erreparatuta, donostiarren %24,59 65 urtetik gorakoa da, %7,73 80 urtetik gorakoa, eta 102 pertsonak 100 urte baino gehiago dituzte.