Nola ari zara pandemia bizitzen?
Ilazki euskaltegiko C1 mailako sei ikasleri galdera bera egin diegu: “Nola ari zarete pandemia bizitzen?”. Bakoitzak bere erantzuna eman du.
Barbara Avellanosa
Bidebieta
“Oraintxe bertan pixka bat kokoteraino nago, luzeegia izaten ari da”
Hasieran oso gogorra izan zen, eta gero uste nuen pixkanaka hobera joango zela, baina oraintxe bertan pixka bat kokoteraino nago, luzeegia izaten ari da.
Pasa dut COVID-19a. Hasierako konfinamenduan Osakidetzara deitu nuen, eta bizitza normala egiteko esan zidaten. Nik funtsezko zerbitzuetan lan egiten dut, eta lanera joan behar izan nuen. Gero sintoma gehiago izan nituen, eta COVID-19a duen gaixo baten moduan jarraitzeko esan zidaten, baina ez didate inoiz probarik egin. Beranduago nire kabuz antigorputzen proba egin nuen, eta izan nuen COVID-19a.
Gizarte zerbitzuetan lan egiten dut, eta jende asko etorri zen, arlo ekonomikoa oso gaizki zegoelako.
Lourdes Alvarez
Altza
“Aisialdian ezin dugu ia ezer egin, eta horrela nekea gehiago nabaritzen dut”
Astean zehar euskaltegira etortzen naiz, telelana egiten dut eta oposizioak prestatzen ari naiz etxetik. Aisialdian ezin dugu ia ezer egin, eta horrela nekea gehiago nabaritzen dut, lasaitzeko eta buruari atsedena emateko gauza ez naizelako. Ni nire etxean oso ondo egoten naiz: nire arazoa da besteak nire etxera ezin direla etorri. Jendearekin egotea gustatzen zait, jendea ukitzea: nik ukitzeko joera daukat, oso maitekorra naiz. Jende askori ez zaio gustatzen bere espazioan sartzea, baina niri gustatzen zait nik maite ditudan pertsonak ukitzea. Zorionez, nire bikiarekin bizi naiz, eta norbait ukitu dezaket, baina distantzia soziala nahiko gogorra da niretzat.
Nuria Zuñiga
Gros
“Etxeratze agindura eta maskarara ohituta nago jada”
Gipuzkoa barruan mugitzeko aukera dugunean, ondo daramat pandemia. Etxeratze agindura eta maskarara ohituta nago, jada normala iruditzen zait. Baina Donostian konfinatuta gaudenean nabaritzen dut: ezin baldin badugu atera mendira edo beste herrietara paseatzera, Donostia azkenean txikia gelditzen zait. Beste leku batzuetara, beste mendi batzuetara joateko gogoa izaten dut. Azkenean, Ulia asko ikusi dut.
Ez dut COVID-19a pasa, eta txertatu naute adineko pertsonekin lan egiten dudalako zahar etxe batean. Orduan, lehenengoetarikoa izan nintzen txertatzen. Beraz, ez dut pasa eta uste dut ez dudala pasatuko: libratu egin naiz.
Zahar etxean, hasieran COVID-19a ez zen sartu eta ondo egon ziren, baina bisitak hasi zirenean batzuk kutsatu ziren eta oso gaizki pasatu zuten.
Marina Perez
Martutene
“Pribilegiatua sentitzen naiz, egoera dagoen moduan”
Pandemia hasi zenean Madrilen bizi nintzen, master bat egiten nengoelako, eta Donostiara itzuli behar izan nuen. Hemen bukatu behar izan nuen online master guztia. Arraro samarra izan zen masterra oso praktikoa zelako, eta online formatura moldatu behar izan ginen. Gainera, Madrilgo bizitzara ohituta nengoenez, gurasoen etxera etortzea kostatu zitzaidan, baina azkenean moldatu ginen.
Madrilen bi lagunekin bizi nintzen, eta gurasoenera itzultzean, liskar asko genituen hasieran: ni moldatuta nengoen Madrilgo bizitzara, eta kostatu zitzaidan; orain ohitu naiz. Gero, azaroan lana aurkitu nuen dirua ateratzeko, eta pribilegiatua sentitzen naiz, egoera dagoen moduan zaila delako lana aurkitzea. Aldi berean, euskara ikasten nabil.
Oraingoz, horrela ondo nago, baina espero dut pandemia bukatzean dena hobeto joatea eta nik ikasitakoarekin lotutako lana topatzea.
Olatz Azketa
Intxaurrondo
“Hemendik ezin atera ez izatea eta beti plan berdinak egitea gogorra da”
Pixka bat nazkatuta nago. Urte hau zaila izan da, gogorra. Zortea izan dut lanean egon naizelako, eta konfinamendu garaian lan egin nuen ezinbesteko langilea nintzelako. Aholkularitza enpresa batean egiten dut lan, eta horregatik, lanera joatea eta etxera itzultzea aire freskoa hartzeko aukera zen.
Hala ere, hemendik ezin atera ez izatea eta beti plan berdinak egitea gogorra da, eta zaila da plan berriak egitea. Azkenean denok gauza berberak egiten ditugu: Donostia txikia da. Bilbora edo Pasaiara joatea gustatuko litzaidake: Donostiatik ateratzea. Itxialdi perimetralak guztia mugatzen du. Adibidez, Irunen lagun bat daukat: bera ezin da hona etorri eta ni ezin naiz hara joan. Harremanak hozten dira horrela.
Iñaki Burgoy
Amara
“Beste lekuetan malgutasun handiagoa dago kirola egiten dugunontzat”
Egia esanda, ondo daramat pandemia. Konfinatu gintuzten lehen hilabetean gaizki pasatu nuen kirola egiten dudalako, eta ezjakintasun horretan murgilduta genbiltzalako. Baina gero mugak eta horrelako gauzak ireki zituztenean, ondo. Azkenean, goi mailako kirolean aritzen naiz, eta gobernuak sekulako aukera eman zidan herrialde guztietatik mugitzeko.
Nik triatloia egiten dut, eta malgutasun hori izatea azkenean eskertzen da. Nafarroan eta Katalunian izan naiz, adibidez, askotariko entrenamendu eta prestaketak egiten. Txarrena da lehiaketak eta txapelketak bertan behera geratzen ari direla, eta ez dakigu aurten jokatuko diren edo ez.
Beste lekuetan malgutasun handiagoa dago kirola egiten dugunontzat: adibidez, maskara korrika egiten dugunontzat ez da derrigorrezkoa leku batzuetan, eta hori asko eskertzen da.