Gladys Saria sortu dute, emakumeak esparru teknologikoan sartzea sustatzeko
Sariaren aurkezpen ekitaldia. (Argazkia: PuntuEUS) Gladys Saria sortu dute Euskal Herriko Unibertsitateko Informatika Fakultateak eta PuntuEUS Fundazioak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin, ingurune digitalean ari diren emakume gazte euskaldunak saritu, gazteentzat erreferenteak sortu eta lan hori jendarteratzeko helburuarekin. Gladys Sariak emakumeak esparru teknologikoan sartzea sustatzea eta emakumeen presentzia areagotzea du helburu: ingurune digitalean lan egiten duten emakumeen funtsezko zeregina aitortzen dute eta gizarte digitalaren eraikuntzan berdintasun-irizpideekin parte hartzea sustatzen dute.
Gladys del Estal militante ekologistak Informatika Fakultatean ikasi zuen, 1979an Guardia Zibilak Tuteran tiroz hil baino lehen. Gladys del Estal informatikaria gogoratzeko helburua ere badu Gladys Sariak.

