San Martin eta Zubieta kaleen noranzkoa aldatuko dute urte bukaeran
Bidegorri bat jarriko dute San Martin kalean, eta zeharkako lotura izango du Kontxa pasealekuko bidegorriarekin. Easo kaleko bidegorria ere luzatuko dute San Bartolome eta San Martin kaleen artean.
Donostiako Udalak onartu du San Martin eta Zubieta kaleetako zirkulazioaren noranzkoa aldatzeko proiektua. Plazuela Ingenieria SL enpresak idatzi du, 1.282.096 euroko aurrekontua dauka eta sei hilabeteko epean egin beharko dira lanak.
Proiektuak hainbat lan aurreikusten ditu Erdialdean eta kostaldean. La Perla inguruan bidegorria aldatuko dute, eta San Martin, Zubieta, Arrasate, Blas Lezo eta Triunfo kaleetan zirkulazioaren noranzkoak aldatuko dituzte. Horrekin batera, beste bidegorri bat jarriko da San Martin kalean, Kontxa pasealekuko bidegorriranzko zeharkako lotura batekin, Triunfo kalean, Zaragoza plazan eta Mirafloresko Markesan barna, eta San Bartolome eta Manterola kaleen arteko lotura kenduko da. Easo kaleko bidegorria ere luzatu egingo da, San Bartolome eta San Martin kaleen artean.
Noranzkoa aldatzeko, Kontxa pasealekua, Zubieta zein San Martin kaleen arteko lotura aldatu eta haien arteko bidegurutzea sortuko da, X forman. Aldaketak jasango dituzten kaleen izkinak ere aldatu egingo dira, zirkulazioaren noranzko berrietara egokitzeko eta haietan biraketak errazteko. Kontxa pasealekuko, Zubietako eta San Martin kaleetako bidegurutzearen obrak egiteko, noranzko bakoitzean errei libre bat utziko da.
“Hiriaren etorkizuneko mugikortasunari begira eratzen ari garen puzzlearen beste pieza bat da hau. Oinezkoentzat eta bizikletarentzat askoz atseginagoa den Donostiarantz goaz, eta hau horretarako funtsezko mugimendua da”, adierazi du Eneko Goia alkateak.
Saneamendu aldaketak
Eremu horretako trafikoa berrantolatzeko lanak direla eta, Añarbe ibaiaren urtegiko Uren Udal Mankomunitateak obrak egin nahi ditu berrantolaketa horrek eragindako eremuko saneamenduan, Antiguatik datozen emariak zuzenean Santa Katalinako HUPEan (Hondakin Urak Ponpatzeko Estazioa) sar daitezen, Erdialdeko saneamendutik igaro gabe. Proiektu honetan, hori ahalbidetuko duten obren lehen fasea gehitu da, Añarbeko bulkada hodia luzatu egin baita Eguzki klubetik Lersundi Generalaren eta San Martinen elkarguneraino, eta bigarren jarduketa bat egin beharko litzateke hodia Santa Katalinara iristeko.
Horretarako, Donostiako Udalaren eta Añarbeko Uren Mankomunitatearen arteko lankidetza hitzarmena onartu da, Ibaeta HUPEko bulkatze hodia Mirakontxa pasealekuko 12. zenbakitik San Martin eta Lersundi Jeneralaren arteko elkargunera luzatzeko obrak egiteko.