Amiantoaren inbentarioa egiteko eta kaltetuei dirulaguntzak emateko eskatu du ASVIAMIEk
ASVIAMIE Amiantoaren Biktimen Euskal Elkarteak elkarretaratzea egin du gaur goizean Gipuzkoako Batzar Nagusien aurrean, Gipuzkoako Foru Aldundiari “amiantoa desagerrarazteko laguntzak eta konpromisoa” eskatzeko. Izan ere, Batzar Nagusiak bilduta daude gaur goizean, eta landuko duten gaietako bat amiantoarena da. ASVIAMIEren arabera, “premiazkoa” da Gipuzkoako udalerri guztietan amiantoaren inbentarioa eta amiantoa desagerrarazteko plangintza egitea. Gainera, amiantoa kentzeko, bizilagunei dirulaguntzak emateko eskatu dute, “kontrolik gabeko isurketak saihesteko”. Amiantoaren ondoriozko “ingurumen arazoa eta osasun publikoaren larritasuna handia da”, elkartearen arabera.
Izan ere, ASVIAMIEk zenbatu dituenez, amiantoaren ondorioz zortzi pertsona hil dira Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban 2021ean, eta 33, berriz, 2020an. Jesus Uzkudun ASVIAMIEko kidearen arabera, “Europako Kontseilu Ekonomiko Sozialak esaten du 88.000 hildako daudela urtero Europan”. Amiantoaren erabilera eta merkaturatzea 2002an debekatu bazuten ere, “milaka tona daude oraindik etxebizitzetako teilatuetan, estalpeetan, erretenetan eta zorrotenetan, 1960ko, 1970eko eta 1980ko hamarkadetan eraikitako eraikinetan, baita loreontzietan eta ur-sareko hodietan ere”, adierazi du Uzkudunek.
Inbentarioa eta dirulaguntzak “garrantzitsuak” dira, Uzkudunen ustez, amiantoa desagerrarazteko. Gainera, egoera “okerrera” doa, Uzkudunen arabera: “Zuntz-zementuzko materialen bizitza eragilgarria amaitzen edo iraungitzen ari da, eta horren ondorioz, deskosatzeko eta minbizi zuntzak ingurumenera askatzeko arriskua areagotu egiten da, eta herritarrek arnasteko arrisua ere handitzen da”.