Gero Axular Kultur Taldeko dantzariak 'The Dancer' telesailean aritu dira
Espainiako telebista publikoko ‘The Dancer’ telesailean dantzatu zuten astelehen honetan Gero Axular Kultur Taldeko dantzariek. ‘Harri’ izeneko pieza dantzatu zuten programan, egun horretarako espreski diseinatutakoa, eta publikoari eta epaileei asko gustatu arren, ez da finalera igaro.
Publikoari asko gustatu zitzaion dantza, eta %75ak botoia sakatu zuenez, atea ireki eta publikoaren aurrean zuzenean dantzatzen jarraitu zuten. Horrek hurrengo fasera igaro zirela esan nahi zuen. Dantza amaitzean, epaileek dantza asko gustatu zitzaiela eta tradizioak mantentzen jarraitzea oso ondo ikusi zutela adierazi zieten dantzariei, baina ez ziren finalera igaro.
Juan Luis Unzurrunzagak diseinatu zuen ‘Harri’ piezaren koreografia, eta Alos Quartetek, berriz, musika. Guztira taldeko hamar dantzarik hartu zuten parte telesailean.
Joan den astean ere Verdini Dantza Taldea aritu zen programa honetan, eta IRUTXULOKO HITZAk Isabel Verdinirekin hitz egin du, taldearen sortzailearekin.