Herrerako tren geltokiko haritza babesteko 581 sinadura bildu ditu Herripe auzo elkarteak
Herripe auzo elkarteko kideak bildutako sinadurekin. (Argazkia: Herripe) Herripe auzo elkarteak astebetean 581 sinadura bildu ditu Herrerako tren geltokiko haritza babesteko. Sinadurak gaur aurkeztu dituzte udal erregistroan. Tren geltokiko lanak aurrera doaz, eta momentuz haritzak bere lekuan jarraitzen du.
Herripek ez ezik, Altzako Historia Mintegiak eta Parkea Bizirik Kukulunbera talde ekologistak ere ohartarazi zuten zuhaitz asko moztu zituztela tren geltokiaren ondoan. Haritza da zutik mantentzen den bakarra, eta Renfek mozteko asmoa du geltokira iristeko eskailera batzuk eraikitzea aurreikusten duelako zuhaitza dagoen lekuan.

