Uztailean ekingo diote Amara Berriko Ikasketa plaza berritzeari
Amara Berriko Ikasketa plaza. (Argazkia: Mikel Elkoroberezibar Beloki) Amara Berriko Ikasketa plaza berritzen hasiko dira uztailean. Hamabi hilabeteko epean bukatu beharko da, eta 704.339 euroko aurrekontua izango du. “Lan hauen helburua espazio handi hori birsortzea da, eguneroko okupazioa eta erabilera handitzeko. Esku-hartze hau bizilagunen eskaera historikoa da gainera”, Eneko Goia alkatearen arabera.
Plaza hainbat mailatan banatuta dago; beraz, lan horiei esker, harmailadi bat egingo da erdiko uhartearen inguruan, hesi fisikoak nahiz ikusizkoak kentzeko, eta goiko plataformaraino iristeko moduko ibilbide bat egingo da, bi arrapalen bidez. Goialdean, haurrentzako jolastokia egongo da, eta elementu eskultoriko bat izango du, haurren jolasgune nagusi gisa. Garajerako sarbideak ere berrituko dira, plazari lorategiak eta aireztapen tximiniak ezkutatzeko bereziki diseinatutako altzariak jarriko zaizkio eta argiztapen egokia bermatuko duten luminaria berriak jarriko dira.
Esku-hartze hau eremu publikoko eta eremu pribatuko obretan banatuta dago. Eremu publikoari dagozkionak udalak martxoan onartutako lizitazioari dagozkionak dira, eta udalak adjudikatu eta finantzatuko ditu. Eremu pribatuari dagozkionak, berriz, aparkalekuen egitura sendotzea da. Hobekuntza pribatu horiek egiteko, udalak 143.782 euroko diru-laguntza eman zuen, herritar guztiei plaza irekitzeak dakarren interes publikoagatik.


