Isabel II.aren etorbideko lanak atzeratuko dira, amiantoa aurkitu dutelako
Amara Berriko Isabel II.aren etorbidean egiten ari diren berrikuntza lanak aurrera doaz. Amara Berriko auzo elkarteak jakitera eman duenez, atari bikoitiak dauden espaloiko lanak hiru aste barru amaituko dituzte –taberna gehienak hor daude–, baina atari bakoitietako espaloiko lanak bi eta hiru hilabete artean atzeratuko dira, amiantozko hodiak agertu direlako.
Gaur bertan ASVIAMIE Amiantoaren Biktimen Euskal Elkarteak elkarretaratzea egin du Gipuzkoako Batzar Nagusien aurrean, Gipuzkoako Foru Aldundiari “amiantoa desagerrarazteko laguntzak eta konpromisoa” eskatzeko. ASVIAMIEren arabera, “premiazkoa” da Gipuzkoako udalerri guztietan amiantoaren inbentarioa eta amiantoa desagerrarazteko plangintza egitea. Gainera, amiantoa kentzeko, bizilagunei dirulaguntzak emateko eskatu dute, “kontrolik gabeko isurketak saihesteko”. Amiantoaren ondoriozko “ingurumen arazoa eta osasun publikoaren larritasuna handia da”, elkartearen arabera.
Isabel II.aren etorbidean aurkitutako amiantozko hodiak kentzera joango dira adituak auzo elkartearen arabera, eta horrek eragingo du bi eta hiru hilabete arteko lanen atzerapena. 2020ko azaroan hasi ziren berritze lanak, denboraldi batez udalak proiektua eten eta gero. Isabel II.aren etorbidearen berrikuntza lanei esker, oinezkoentzako guneak handitu egingo dira, eta zirkulazio bideak eta aparkamenduak berrantolatuko dituzte. Aldaketarekin, etorbideak dituen lau erreiak bi izatera pasako dira, orain arteko noranzkoak mantenduz, eta zenbaki bikoitien espaloia 6,37 metrokoa izatetik 13,55 metrokoa izatera pasako da. Bakoitiena, bestetik, handituko da ere, baina neurri txikiago batean, errepideko aparkamendu lerro bakarra mantenduz. Bestalde, Irungo plazan ere hobekuntzak egingo dituzte.