Itxi dute Barkaiztegiko trenbide pasabidea
Martuteneko tren geltokitik metro batzuetara dago Barkaiztegiko trenbide pasabidea, eta gaur goizaldean itxi dute behin betiko. Oinezkoak eta ibilgailuak dagoeneko ezin dute leku horretatik gurutzatu trenbidea, eta horren ordez behin-behineko zubi bat eraikiko dute geltokitik gertu. Okendotegi kalearen bukaeran dagoen pasabidearen antzekoa izango da.
Donostiako Udalak eta Adifek pasa den astean adostu zuten Barkaiztegiko pasabidea ixteko proiektua. Itxieraren ondorioak arintzeko, semaforo sistema bat jarri dute ibilgailuen trafikorako, eta txandaka eta noranzko bakarrean, Martutene pasealekutik, Larrañategitik eta Barkaiztegitik sartzen direnak igaroko dira.
Hirugarren haria eta AHTa
Barkaiztegiko trenbide pasabidea ixteak lotura du AHTarekin. Izan ere, hirugarren haria jartzeko trenbidea zabaltzeko lanak egiten ari da Adif. Era berean, obra horrek harremana du Donostiako AHTaren geltoki berriarekin.