Tokiko Entitate Txikian azken hitza Igeldoko herritarrek izango dutela dio Herri Kontseiluak
Igeldoko Herri Kontseiluak Tokiko Erakunde Txikia eratzeko prozesuaren inguruko irakurketa plazaratu du. Donostiako Udalak atzo onartu zuen erakundea eratzeko prozedura abiatzea, eta horretarako lan talde bat osatuko dela.
“Hasteko, argi utzi nahi dugu herri honetan bi alditan hautu bat egin dela: desanexioarena, hain zuzen. Eta hori ez dela errespetatua izan”, azpimarratu du Herri Kontseiluak. Horrela ere, adierazi dute Herri Kontseilua beti egon dela prest Igeldorentzat onurak izango diren proposamen guztiak aztertzeko. “Eneko Goia alkate zela, 2020an, Donostiako Udalak proposamena egin zigun Tokiko Entitate Txikia lantzeko eta ordutik elkarlanean ari gara”.
Iazko urrian lan talde bat osatu zuen Herri Kontseiluak udaleko ordezkariekin batera. “Herri Kontseiluko bost kide, udaleko alderdi guztietako ordezkari bana, Partaidetza saileko teknikariak eta Siadeco enpresako teknikariak egon gara lan talde horretan. Bost bilera egin ditugu eta Igeldoko Tokiko Entitate Txikia eratzeko prozedura zehaztu dugu denon artean. Txosten bat prestatu dugu eta txosten hori atzoko Tokiko Gobernu Batzordeak onartu zuen”, azaldu dute.
Prozesua aurrera eramateko eta horren jarraipena egiteko beste lan talde bat osatuko dute. Orain, behin betiko onarpena eman beharko dio Donostiako Udalbatzak maiatzeko udalbatzarrean. Lan talde honetan Igeldoko bost ordezkari egongo dira, Donostiako Udaleko alderdi politiko guztietako ordezkari bana eta Eneko Goia alkatea presidente gisa. Guztira, hamaika pertsona. “Prozesu honetan zehaztu beharko dugu nolako Entitate Txikia nahi dugun Igeldorako. Ze eskumen, ze ondare eta ze aurrekontu. Esan bezala, guretzat tresna baliagarria izan daiteke Igeldoren egoera hobetzeko eta igeldotarron beharrak hobeto asetzeko, baina dena negoziatzeko dago”.
Udalaren jarrera “oso garrantzitsua” izango dela dio Herri Kontseiluak: “Udalak igeldotarron arazoak benetan konpontzeko agertzen duen borondateak baldintzatuko du prozesua. Eta noski, guretzako, adostutako Tokiko Entitate Txiki horren inguruan, azkeneko hitza Igeldoko herritarrek izango dute”. Horrez gain, pozik daude orain arte alderdi guztiek azaldutako jarrerarekin. “Espero dugu aurrerantzean ere halaxe jarraitzea”.