EH Bilduk Zuhaizti kiroldegia "pribatizatzearen ondorioak" salatu ditu
Egia eta Gros auzoen artean dagoen Zuhaizti udal kiroldegia kudeatuko du BPXport enpresak 2035. urtera bitarte, eta EH Bilduk kiroldegia “pribatizatzearen ondorioak” salatu ditu. 2020ko udan hasi zen BPXport enpresa Zuhaizti kudeatzen, Fortuna kirol elkarteak kiroldegia uzteko borondatea erakutsi eta gero. Azarora arte behin-behinean kudeatu zuten, eta baina orduan lehiaketa publikoa irabazi zuten, eta 2035era arte izango dira Zuhaiztiko kudeatzaileak. Maiatzaren 1etik itxita dago kiroldegia, hobekuntza lan batzuk egingo dituztelako bost hilabetez.
EH Bilduk adierazi du erabiltzaileak “haserre” daudela Udal Gobernuaren kudeaketarekin: “Erabiltzaileak kexu dira egun batetik bestera Zuhaizti itxi dutelako, ia abisatu gabe. Hain zuzen ere, itxiera ostiral batean iragarri zen, baina aste horretan bertan oraindik ere ikastaroetarako izena ematen ari ziren, enpresak bazekienean ikastaro horiek ezingo zituela eskaini. Hala, dozenaka erabiltzailek dirua itzultzeko eskatu behar izan dute”.
Langileen egoera ere kezkagarria dela adierazi dute: “Pribatizazioaren aurretik, Udal Gobernuak ziurtatu zuen subrogazioa egingo zela lanpostuak mantentzeko. Hala ere, orain, itxiera dela eta, gauetik goizera langile batzuk aldi baterako erregulaziopean daude, eta euren etorkizuna airean”, azaldu du Reyes Carrere bozeramaileak.
“Zuhaizti kiroldegiaren pribatizazioa beste urrats bat da gobernantza neoliberalaren ereduan”, Carrereren arabera: “Zuhaiztin Loiolako Erriberan hasitako bideari jarraitzen ari da, non erabiltzaileek zerbitzua pribatizatzearen ondorioak pairatzen hasi diren. Izan ere, Loiolako Erriberan argi eta garbi bereizi dira azpiegitura publiko honetan bi eremu: bata, txikiagoa, Kirol Txartelaren erabiltzaileentzat, zerbitzu gutxiago dituena, eta, bestea, handiagoa, aparteko kuota ordaintzen duten bazkide pribatuentzat, zerbitzu gehiago dituena. Itxura guztien arabera, Zuhaiztin Loiolako Erriberako kiroldegian gertatu den gauza bera gertatuko da, eta Kirol Txartelaren abonatuek murrizketak izango dituzte”.
BPXport enpresak hiriko beste kirol instalazio batzuk ere kudeatzen ditu. Hala nola, Loiolako Erriberako kirolgune berritua eta Txuri Urdin izotz jauregia. Era berean, Donostiako hondartzen udako kudeaketa daramate, eta pasa den udan polemika sortu da horren inguruan. Bestalde, kirol instalazio gehiago kudeatzen dituzte Gipuzkoako beste herri batzuetan.