Bidebietan 450 metroko bidegorri zati bat jarriko dute
Donostiako Udalak bidegorrien sarean barneratuko du Bidebieta auzoa. 450 metroko luzera izango du bidegorri zatiak, Bidebietako Opel kontzesionariotik Trintxerpeko Correos bulegoraino. Ekialdeko Barrutiak onarturiko proiektuetako bat da, eta 2021eko udal aurrekontuetan txertatu zuten udal gobernuaren eta Elkarrekin Donostiaren arteko akordioari esker. Aurrekontua 414.016 eurokoa da, eta lau hilabeteko epea jarri dute eraikitzeko. Ondo bidean, urte bukaerarako eginda egotea espero du udalak.
Udaleko iturriek hedabide honi helarazitako proiektuaren arabera, Trintxerpeko Azkuene kalearen parean izango du abiapuntua bidegorriaren zatiak, Herrerarekin lotzen den bidegorria bukatzen den puntuan. Ibilbidea Pasai San Pedro hiribidearekiko paraleloa izango da, Colombine kalera iritsi arte. Puntu horretan, aldi bereko eremu batetik igaroko da, Joan XXI etorbidearekin bat egin arte, Bidebietan.
Bidegorriak gaur egungo antolamenduarekin bat egingo du, lehen 120 metroak ia horizontalak baitira. Pasai San Pedro hiribidea zeharkatu ondoren, trazadura igotzen hasiko da, %6tik beherako maldarekin. Trazaduraren azken 50 metroetan malda handiagoa izango du: %7,40 azken zatiaren lehen erdian eta %11,32 azken 25 metroetan. Lehenengo 300 metroko bidegorria bizikletentzat bakarrik izango da, eta 2,50 metroko zabalera izango du trazaduraren zatirik handienean.
Bizilagunak pozik
Gaur izan dute bizilagunek Bidebietako bidegorriaren berri, eta pozik daude erabakiarekin. Izan ere, auzotarren aspaldiko eskaeretako bat da. Eraikiko den zatia txikia dela iruditu arren, aurrerapauso bat dela aitortu du Jon Tamayok, Bidebietako Auzo Sareko kideak. Eraikiko den bidegorri lotura honekin batera, bada beste bat bizilagunek eskatzen dutena; Mirakruz gainetik Intxaurrondoko Zubiaurre pasealekuko bidegorrira bitartekoa. Dena dela, 2024ra arte ez da aurreikusten lotura hori bideratzea.