Larunbatean Uliara eta Oriamendira igoko dira, euskal presoen alde
Sareko kide bat, presoen aldeko urtarrileko manifestazioan, Donostian. (Argazkia: Joseba Parron San Sebastian) Sare Herritarrak Izan Bidea dinamikarekin jarraitzen du, eta maiatzaren 8an Euskal Herriko 650 tontor igoko dituzte euskal presoen eta iheslarien egoerari irtenbidea eskatzeko.
Donostiarrak Oriamendi eta Ulia mendietara igoko dira, eta tontorrean argazki bana aterako dute, Euskal Herriko gainerako tontorretan bezala. Altza eta Intxaurrondotik Uliara igoko dira: 10:30ean irtengo dira Zulozar paretik (Intxaurrondo) eta Herrerako Topoko plazatik (Altza), eta 12:00etan ekitaldia eta argazkia egingo dituzte Ulian. Gainerako auzoetakoak Oriamendira igoko dira. Amara, Amara Berri, Loiola eta Martutenekoak 10:00etan abiatuko dira Anoeta estadioko 9-10 atetik; Egia, Gros eta Parte Zaharrekoak 09:45ean irtengo dira Koldo Mitxelena kulturunearen paretik; eta Añorga eta Antiguakoak, berriz, 10:00etan aterako dira Hesperia hotelaren aurretik. 11:00etan Oriamendin argazkia, hitzartzea eta hamaiketako autogestionatua egingo dituzte.
Dinamika honi eta Donostiako presoen egoerari buruz gehiago jakiteko, Sare Donostiako kide den Gurutz Sanzberrorekin hitz egin du Irutxuloko Hitzak.

