Amaran ez dute auzotarrei begirako zerbitzurik, auzo elkartearen arabera
Harkaitz Aranburu Amara Bai auzo elkarteko presidenteak salatu du San Bartolome muinoko eraldaketak Amara "bahitu" duela, eta beldur dira ez ote duen berdina egingo 'Easoko hondartzak'. Auzora gentrifikazioa eta turistifikazioa iritsi direla adierazi du Aranburuk.
Amara eraldaketa handia ari da izaten azken hamarkadetan, baina ematen du azken urteetan eraldaketaren erritmoa bizitzen ari dela. Hirigintzaren arloko aldaketak eraldaketa soziala eragiten ari dira pixkanaka. Turistifikazioa eta gentrifikazioa Erdialdetik Amararantz hedatzen ari da, eta horretaz ohartu dira bizilagunak. “Egun bertakook ezin dugu hemen bizi, pisuak garestitzen ari direlako, eta erdigune bilakatu gaituztelako. Auzotar askok kanpora joan behar izaten dute bizitzera. Gentrifikazioa iristen ari da”, adierazi du Harkaitz Aranburuk, Amara Bai auzo elkarteko presidenteak.
Amara donostiarren “babesleku” moduko bat izan dela uste du Aranburuk, baina gauzak aldatzen ari dira, bere ustez: “Amara inguruan pisu turistiko eta hotel asko daude. Oraindik ez da hainbeste nabaritzen, baina ikusten da zer datorren”. Ikusi dute, esaterako, San Bartolomen.
Izan ere, San Bartolome muinoak eraldaketa itzela jasan du azken urteetan: hotel bat eta etxebizitza asko eraiki dituzte, eta oraindik lan guztiak ez dira amaitu. San Bartolome muinoko obrengatik Amara «bahituta» egon dela uste du auzo elkarteko presidenteak: “Amara ez da garatu eta ez da ezer egin San Bartolome muinoko proiektua amaitu arte. Proiektu hori egiteagatik auzoko espazioak kendu dizkigute: Arroka kaleko frontoia, adibidez. Supermerkatu erraldoiak ari dira Donostiako erdigunera etortzen, eta San Bartolome barruan supermerkatu bat egiteko proiektua ere badago”.
Eraiki berri dituzten etxebizitzen prezio altua dela eta, soziologikoki aldatzen ari da ingurua: “Etorri den jende berri hori auzoan zenbateraino integratzen ari den edo ez oraindik ez dugu baloratuta: nahiko auzo berria da, jendea duela gutxi etorri da bizitzera, eta urtebete daramagu pandemia batean. Oraindik ez dugu integrazio bat ikusi: beraiek ez datoz Amarara bizitzera, beraiek Erdialdera doaz”, adierazi du Aranburuk.
Gentrifikazioaren beste alde bat auzo elkartearen egoitzaren itxiera dela uste du presidenteak: “Momentu honetan eremu guztia erortzeko zorian dago, eta ez dakigu noiz mugituko garen. Material guztia prest daukagu beste behin-behineko toki batera pasatzeko. Auzoko taldeei lokal bat utziko digutela adierazi zigun alkateak, baina hori guztia hitzez: ez dago idatzita. Kanporatu egiten gaituztela ikusten ari gara. Ez daukagu behin-behineko lokalik ezta erantzunik ere, ez dakigu zenbat denbora iraungo duten lanek, ez dakigu hemen zer egingo duten… Galdera asko ditugu momentu honetan”, esan du Aranburuk.
Guztia ez da iluna, ordea: “Oraindik mantentzen ditugu gure harremanetarako ingurune nagusiak, adibidez, Easo plaza. Bertako terrazen inguruan egiten da bizitza asko. Amarako bizilagunen bilgunea da Easo plaza, eta mantendu nahi dugu”. Orain plaza eraberritzen ari dira; “txukuntze lan bat” da Harkaitz Aranbururen arabera: “Ez da gure helburua. Gure helburua Easo plaza gizatiar bat sortzea da, bi plazak elkartuz”.
Urte asko pasatu dituzte auzotarrek plaza eraberritzeko eskatzen: «Auzoari begira dauden espazioak urbanizatzea asko kostatzen zaie. San Bartolomeko obrengatik ez zen urbanizazioa martxan jartzen. Ez dira kontuan izan auzotarrak garapen horretan: ez dira kontuan izan babes ofizialeko etxeak, eta egin dituzten eraikinek ez dituzte auzotarren beharrak asetzen. Frontoi bat kendu digute, eta bestea konpondu: dagoeneko hezetasuna du», adierazi du Aranburuk.
“Auzoari begirako” zerbitzurik ez
Auzo elkarteko presidentearen arabera, “zerbitzu asko ditugu Donostiari begira baina auzoari begira ez dugu ezer”. Kultur etxe bat eta kiroldegi bat behar dute.
Bestalde, trena da auzoaren zutabeetako bat, eta metroaren obrek eragina izan dute auzotarren egunerokoan. Aranburuk, ordea, metroa inauguratu osteko garaiari erreparatu dio: “Oso erosoak gara, eta trena hartzen badugu Hendaian, Londres hoteleraino joango gara. Jendea ez da hemen jaitsiko, eta horrek arazoak sortuko ditu: ekonomikoki kaltetuko ditu tabernak eta saltokiak. Ardura eragiten digu”.
Gainera, Easoko trenbidearen urbanizazioa ere mahai gainean dago: Easoko hondartza ere deitzen diotena. Autonomia eta Errondo kaleetatik igarotzen zen trenbidea lurperatuko dute, eta hiru futbol zelairen zabalerako espazioa geratuko da hutsik: “Gure beldurra da berriro ere auzoa bahituta geratuko dela beste obra erraldoi baten azpian. Oraindik ez omen dago ezer diseinatuta: sinistu behar da. Hemen kontuan izan ez diren zerbitzu guztiak kontuan izan beharko lirateke. Auzo honek falta dituen zerbitzuak kontuan izango dituen zerbait behar dugu hor”, Aranbururen ustez.
“Kritika hutsean” aritzeaz nekatu dira Amara Bai auzo elkartekoak, presidentearen arabera: “Sortu nahi dugu, etorkizunari begira gaude. Inguruan dauden mugimendu espekulatzaileei aurre egiten ahalegindu behar gara beste modu batean, espekulatzaileen esku ari direlako uzten gure auzoa. Nik udalari eskatuko nioke auzotarren alde gehiago egiteko, eta jarrera pixka bat gogortzeko higiezinen enpresekin”.
“Zerbitzuz osatutako Amara” nahi du auzo elkarteak, baita bizilagunek ere.