Igandetik aurrera ez da itxiera perimetralik ezta etxeratze agindurik izango
Igandean bertan behera geratuko da alarma egoera, eta Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban neurriak malgutuko dituzte: ez da itxiera perimetralik ezta etxeratze agindurik izango, eta bilkurak lau lagunetara mugatzeko debekua ere kenduko dute.
(Argazkia: Beñat Parra) Larunbatetik iganderako gauerdian Espainiako Estatuan alarma egoera bertan behera geratuko da, eta Eusko Jaurlaritzak egoera berria arautzeko neurriak erabaki ditu dagoeneko. Behin-behineko dekretua EAEko Justizia Auzitegiak aztertu du, eta jakitera eman du igandetik aurrera itxiera perimetralak agintzeko eskumenik ez duela izango Eusko Jaurlaritzak, ez autonomia erkidegoarentzat, ez herrialdeentzat, ezta herrientzat ere. Etxeratze agindua ere desagertuko da, eta bilkurak lau lagunetara mugatzeko debekua kendu dute. Taberna eta saltokien ordutegi eta edukiera murrizketek, aldiz, indarrean jarraituko dute.
Jaurlaritzaren Labi batzordea gaur arratsaldean bilduko da, eta auzitegiaren erabakira egokitutako dekretua argitaratuko dute bihar: igandean sartuko da indarrean.
Eusko Jaurlaritzak argitaratu dituen datuen arabera, 58 koronabirus kasu positibo atzeman zituzten Donostian atzo. Une honetan, hiriko intzidentzia metatua 544,43koa da, eta behera egin du. Joera gorakorra mantendu ostean, gaurkoa bosgarren eguna da intzidentzia metatuaren beherakadarekin.

