58 koronabirus kasu positibo Donostian
Hiriko intzidentzia metatua 544,43koa da: behera egin du Donostia osoan eta osasun eremu ia guztietan. Gaur egingo du publiko Jaurlaritzak alarma egoeraren osteko neurriak arautzen dituen dekretua.
Eusko Jaurlaritzak argitaratu dituen datuen arabera, 58 koronabirus kasu positibo atzeman zituzten Donostian atzo. Une honetan, hiriko intzidentzia metatua 544,43koa da, eta behera egin du. Joera gorakorra mantendu ostean, gaurkoa bosgarren eguna da intzidentzia metatuaren beherakadarekin. Izan ere, 574,04koa zen intzidentzia metatua atzo, 588,30ekoa zen herenegun, eta 606,94koa zen, berriz, asteleartean. Intzidentzia metatuaren joera aldatzen hasi dela dirudi, eta hainbat astetako goradakadaren ostean, beheranzko joera nabarmentzen ari da.
Donostiak perimetralki itxita daramatza bi aste. Ondorioz, Donostiako mugak itxita daude, eta zenbait neurri murriztaile daude indarrean. Batetik, ostalaritzaren barnealdeko ordutegia murriztu dute: 06:30etik 09:30era eta 13:00etatik 16:30era baino ezin da tabernen eta jatetxeen barruan egon. Bestetik, apustu-etxeek ostalaritza zerbitzua barruan baino ezin dute eman, zehaztutako ordutegietan. Gainera, ezin dira lau pertsona baino gehiago elkartu toki itxietan kirola egiteko, baina kirolari profesionalak eta federatuak neurri horretatik salbuetsita daude. Aldagelak eta dutxak itxita daude; igerilekuetan %35eko pertsona kopurua onartzen dute, eta dutxak bakarka erabili ahal dituzte.
Donostia itxita badago ere, inguruko udalerrietara joateko aukera dago erosketak egiteko edo aire libreko kirola praktikatzeko.
Gainerako neurri murriztaileek indarrean jarraitzen dute. Hala nola, gaueko mugikortasuna –22:00etatik 6:00etara– eta ostalaritzaren itxiera 20:00etan –kanpoaldean, soilik–. Horrekin batera, elkartzeak gehienez lau pertsonakoak izan daitezke.
Hala ere, maiatzaren 9an amaituko da alarma egoera Espainiako Estatuan, eta Eusko Jaurlaritza zenbait neurri mantentzea aztertzen ari da. Gaur egingo dute publiko dekretua, eta biltzeko eskubidea, mugikortasuna eta gaueko ordutegiak arautuko dituzte Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban, auzitegiek hartutako neurriak ontzat ematen badituzte.
Txertaketari dagokionez, Illunben 65 eta 69 urte artekoak txertatzen ari dira.
Intzidentzia osasun eremuka
Intzidentzia metatuak behera egin du hamar osasun eremutan, eta Aieten gora egin du:
- Aiete: 617,68
- Amara Berri: 599,94
- Altza-Roteta: 576,68
- Egia: 574,87
- Loiola: 558,74
- Parte Zaharra: 484,10
- Intxaurrondo: 464,42
- Ondarreta: 436,33
- Gros: 435,63
- Amara-Erdialdea: 374,59
- Bidebieta: 291,38
Kasu positibo kopuruari erreparatuz, jarraian ikus daitezke atzoko datuak:
- Amara Berri: 14
- Gros: 12
- Altza-Roteta: 8
- Egia: 7
- Amara-Erdialdea: 5
- Ondarreta: 4
- Parte Zaharra: 3
- Aiete: 1
- Bidebieta: 1
- Intxaurrondo: 1
- Loiola: 0