Mirakruz gainean ozpina edaten zuten
Mirakruz gainetik jende ugari igaro izan da beti, eta bi taberna oso ezagun zituen. Errepidearen alde batean Arzakenea zegoen: Binagrene deitzen zioten, ardo txarra ematen omen zutelako. Beste aldean Txiskuene zegoen.
Ategorrieta eta Herrera lotzen dituen gainak Mirakruz gaina du izena, eta toponimoak erromesaldiarekin du lotura, Josu Tellabide eta Asier Agirresarobe historialariek 101 bazter Donostiako liburuan azaltzen dutenez. Izan ere, Donostiatik Lezoko Santo Kristo basilikara zihoazen erromesek deitu omen zioten gainari Mirakruz, bertatik Lezoko San Juan parrokiaren kanpandorre gaineko gurutzea ikusten zelako.
Jende ugari pasatu izan da beti Mirakruz gainetik. Erromesek Lezora joateari utzi ziotenean ere, bide nagusiak zeharkatzen zuen gaina. Alde batetik bestera jende ugari ibiltzen zenez, bi taberna ezagun zeuden Mirakruz gainean errepidearen alde banatan: Binagrene eta Txiskuene.
Arzakenea jatetxeari Binagrene deitzen zioten donostiarrek. Izan ere, bertan eskaintzen zuten ardoa oso txarra omen zegoen, eta, ardoa baino ozpina zirudiela eta, Binagrene edo Alto Vinagres deitzen zioten jatetxeari. Ezagunak ziren igande arratsaldeetako dantzaldiak, eta jendea tabernaren kanpoaldean aritzen zen fandango eta arin-arinean dantzan, tabernak kontratatutako soinujolearen musika jarraituz.
Bentaberriri, Txiskuene
Errepidearen beste aldean, berriz, Txiskuene taberna zegoen. Izatez Bentaberri zuen izena, baina bezeroek horri ere izena aldatu eta Txiskuene deitzen zioten. Izengoitiaren jatorria ez dago argi: Tellabide eta Agirresaroberen arabera, istilu hitzetik etor omen daiteke izena.
Errepidea zabaldu zutenean eraitsi zuten Txiskuene, eta ordutik Zorroaga gainean dago jatetxea, ospitaletik gertu. Binagrenek, ordea, Mirakruz gainean jarraitzen du. Arzak jatetxe entzutetsua da egun, eta dantzaldi herrikoi eta ardo txarraren ordez, puntako gastronomia eskaintzen dute, eta mundu osoan da ezaguna.