Sara Azurzak antsietateaz eta beste gaixotasun batzuez hausnartzeko kantua plazaratu du
Ez ohildu singlea estreinatu du Sara Azurza abeslari donostiarrak. Kantuaren bidez, antsietateaz eta beste gaixotasun batzuez hausnartzeko aukera eman nahi du, hauek normaltasunez tratatzeko, eta izenburuak dioen bezala, haiek ez uxatzeko. “Ez digute emozioak kudeatzen irakatsi eta egun betean irteerarik gabeko zulo beltz batean aurkitzen duzu zeure burua, eta ez dakizu zergatik”, adierazi du artistak.
Azurzak konposatu ditu abestiaren letra eta melodia, eta Zestoako Gaztain estudioetan grabatu du Eñaut Gaztañagarekin. Azurzarekin batera aritu dira Iker Lauroba (pianoa eta gitarra), Haritz Lauroba (bateria) eta Julen Barandiaran (baxua).
Sara Azurza abeslari donostiarra 17 urte zituela hasi zen oholtza gainean. Bere lehen urratsak Iker Laurobarekin egin zituen, eta ondoren Charlie and The Colours, Indigo eta Tristan Crowley abeslari eta taldeekin lan egin zuen, besteak beste.
2018an bere bakarkako lehen lana aurkeztu zuen: Theorein. Euskarazko eta ingelesezko bost abestik osatzen dute diskoa. Berak idatzitako abestiak dira (Erlojuez Gainez izan ezik) eta Iker Laurobak ekoitziak. Horiek pop generora hurbiltzen dira eta oso akustikoak eta lasaiak dira. Azken bi urteetan, Azurza bere estiloaren bila ibili da Bartzelona, Montreal eta Londres artean.
Abeslariak AEBetako eta Ingalaterrako bakarlariak izan ditu beti erreferente, eta oraingoan proposamen berri batekin dator: abesti berriei soul kutsu handiagoa eman die. 2020ko abenduaren 4an bere lehen singlea eta bideoklipa kaleratu zuen: London Weather.