Martuteneko kartzela Eusko Jaurlaritzak kudeatuko du
Urriaren 1etik aurrera Eusko Jaurlaritzaren esku geratuko da Martuteneko kartzela eta etorkizuneko Zubietakoa kudeatzea. Izan ere, Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak gaur sinatuko dute Euskal Autonomia Erkidegoko hiru espetxeak kudeatzeko eskumenaren transferentzia arautuko duen akordioa. Urriaren 1ean hasiko da Eusko Jaurlaritza espetxeak kudeatzen, eta beste hiru eskumen ere eskualdatuko dituzte: errepide bidezko garraioa, Identifikazio Bibliografikoko Nazioarteko Kodea eta Ondarroako Itsas Barrutia.
Gipuzkoa, Bizkaia eta Araban 966 preso daude, eta horietako 194 Martuteneko kartzelan. Martuteneko kartzelaren eraikina Eusko Jaurlaritzaren esku geratuko da, eta Zubietako espetxe berria –amaitzen denean– ere Eusko Jaurlaritzarena izango da. Une horretan, Martuteneko kartzela Espainiako Gobernuari itzuli eta itxi egingo dute.
Zubietako Norte III espetxe berria eraikitzeko lanak udaberrian hastea aurreikusten dute, eta 22 hilabeteko epea izango dute bukatzeko. Aurreikuspenen arabera, 2023ko udaberrirako bukatuta egongo litzateke. 36.000 metro karratu izango ditu espetxeak, eta Eskusaitzetako 28 hektareako lursailean eraikiko dute, erraustegitik gertu. 234 zelda izango ditu –emakumeentzako modulu bat izango du 25 zeldakoa–, eta 500 presorentzako edukiera. Era berean, gizarteratzeko zentro bat izango du, 52 gelakoa. Kartzela eraikitzeko kostua 38,8 milioi eurokoa (BEZa gabe) izango da, hasiera batean lehiaketa publikoan ezarri zen aurrekontua baino %6 txikiagoa –41,3 milioi eurokoa zen–. Lehiaketa publikoa abenduan bukatu zen, eta aurkezturiko proposamenak 35,2 eta 41,1 milioi euro artekoak izan ziren.