Ekainaren 2an aurkeztuko dute 'Hondalea' eskultura
Cristina Iglesias artista donostiarraren Santa Klarako itsasargiko 'Hondalea' eskultura ekaineko lehen astetik aurrera bisitatu ahal izango da.
Ekainaren 2an egingo dute aurkezpen instituzionala, eta ekainaren 5an irekiko dute herritarrek ikus dezaten. Sarrera doakoa izango da, baina erreserba egin behar da eskulturaren webgunean.
“Bost urteko ibilbidearen emaitza da ‘Hondalea’, eta hiri honek Cristina Iglesiasekin duen zorra kitatuko du”, azaldu du Eneko Goia alkateak. Horrekin batera, adierazi du “kultur mugarri” bat izango dela; “nazioarteko erreferentzia kultural berri bat”.
Hilabete baino gutxiago falta da Hondalea aurkezteko, eta Iglesias gogotsu dago herritarrei erakusteko. “Espero dut donostiarrek lekuarekin bat egitea. Leku publiko bat da, eta hausnarketarako erabil dezatela. Elkarrizketarako leku bat izatea gustatuko litzaidake”, azaldu du artista donostiarrak.
Iglesiasen eskultura aurkezteko Kostalde arrokatsua: ekologia, artea eta geologia izeneko nazioarteko simposium bat egingo dute Donostiako Aquariumean. EHUk eta Udako ikastaroen antolatuko dute, eta James Lingwood adituak zuzenduko du, Azti eta Plentziako Itsas Estazioaren laguntzarekin.
Hogei minutuko bisita
Ekainaren 5etik aurrera bisitatu ahal izango da Hondalea eskultura, eta bisita bakoitza hogei minutukoa izango da. Eguneko 125 pertsonak ikusi ahal izango dute, eta ezarritako edukiera neurriak aldatzen direnean, 250 pertsonak bisitatu ahalko dute.