"Ikusgarritasuna eman nahi diegu eragileei"
Maiatzaren 22an erreferendumaren aldeko aldarria egingo du Donostiako Gure Esku taldeak, Hamaika Gara egitasmoaren bidez. Urumea ibaia inguratuko dute Kursaal eta Santa Katalina zubien artean. Donostiarrei parte hartzera deitu diete.
Hamaika Gara egitasmoarekin bat egin duten eragileei garrantzia emango diezue hilaren 22ko ekitaldian. Zergatik?
Maria Mungia (M.M.): Jendearentzat ezagunagoa da Gure Esku orain arte erabakitzeko eskubidearen alde egin duen lanagatik. Kontua da, Hamaika Gara egitasmoan ez duela soilik Gure Eskuk parte hartzen; Euskal Herriko beste hainbat eragilerekin batera landu eta garatu da. Hortik izena: Hamaika Gara, erreferendumaren alde.
Dani Goñi (D.G.): Ikusgarritasuna eman nahi diegu eragileei, herritarrek zeintzuk diren jakin dezaten.
Zenbat dira Donostiako eragileak?
D.G.: Orain arte eragile sustatzaileak maila nazionalean aritu dira lanean. 24 dira denera eta hamaikagara.eus webgunean sartuz gero, bertan topatuko ditugu haien izenak.
M.M.: Maiatzaren 22an egingo dugun martxara, Donostian jarduten duten eragileak gonbidatu ditugu; beraz, Euskal Herrian ari diren horietako batzuk topatuko ditugu ibilbidean zehar, eta baita hiri mailako beste batzuk ere.
Urumea ibaia inguratuko duzue Kursaal eta Santa Katalina zubien artean. Zehazki zer da egingo duzuena?
D.G.: Ekintza xumea izango da. 12:30ean ibaiaren inguruan kokatuko gara, elkarren artean segurtasun tarteak zainduz. Ondoren, 12:40 aldera, suziri baten bidez, hasiera emango diogu ibaiaren itzulinguru osoa egiteari, poliki-poliki, musikaz lagunduta, berriz ere hasierako puntura iritsi arte. Orduan, beste txapligu batek adieraziko digu ekitaldiaren bukaera.
Ekintza honekin zer da ikusarazi eta aldarrikatu nahi duzuena?
M.M.: Ekintza xumea izango da baina esanahia handikoa. Erreferendumaren aldeko borondate masiboa eta anitza martxan dagoela irudikatu nahi dugu. Hamaika Gara egitasmoaren bidez eta bertan bildutako sinaduren bidez, Eusko Legebiltzarrari proposatu eta eskatzen dioguna da gure etorkizun politikoaren inguruko eztabaida sustatzea –herritarron parte hartze eraginkorra bermatuz–, eta erreferendumak egiteko ahalmen osoa bere gain hartu, arautu eta garatzea.
Donostiarrek nola parte har dezakete?
D.G.: Lehenik, umorez eta gogotsu. Donostiarrek nahikoa dute bakarrik, lagunekin edota senideekin Urumearen bokalera hurbiltzea eta ekintza kolektibo honetan parte hartu nahi izatea.
M.M.: Hori da, gure helburuekin bat egiten duen mundu guztia dago gonbidatuta. Gainera, ekintza alaitzeko prest dagoen oro, izan uretatik edo lurretik, beso zabalik hartuko dugu: musikariak, dantzariak, arraunlariak, surflariak eta abar. Itsas ertzeko paseotxo batek balio dezala, aldi berean, herri honen beharrak aldarrikatzeko.