Palestinarrei elkartasuna adierazi eta euskal erakundeei eskatu diete Israelekin harreman guztiak eteteko

Palestinarrei elkartasuna adierazi eta Israelen azken erasoak salatzeko elkarretaratze jendetsua egin dute, Bulebarrean. (Argazkia: Inaxio Esnaola)
Gaur eguerdian, Palestinarekin Elkartasun Mugimenduak elkarretaratze jendetsua egin du Donostiako Bulebarrean. Gaur 73 urte bete dira 1948ko Nakba edo hondamendia hasi zenetik. Hau da, Israelgo estatuak Palestinako lurren okupazio, kolonizazio eta garbiketa etnikoa abiatu zuenetik. Palestinarrei elkartasuna adieraztearekin batera, Gazaren kontrako azken erasoak salatu dituzte.
Palestina aske eta Israel boikot gisako leloak oihukatu dituzte elkarretaratzean. 12:00etan elkartu dira Bulebarrean, eta minutuek aurrera egin ahala geroz eta jende gehiago batu da mobilizaziora. Ordu erdiko elkarretaratzearen ostean, idatzi bat irakurri dute mobilizazioaren antolatzaileek. “Euskal erakundeei eskatzen diegu bertan behera utz ditzatela Israelgo estatuarekiko akordio ekonomiko, kultural, akademiko eta diplomatiko guztiak, nazioarteko zuzenbidea bete arte”, adierazi dute.


