Zahar etxeetako egoiliarrek paseatzeko aukera izango dute gaurtik aurrera
Altzako Berra zahar etxea DomusVi enpresak kudeatzen du. (Argazkia: Beñat Parra) Astebete igaro da alarma egoera bertan behera geratu zenetik, eta Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak zahar etxeetako neurri murriztaileak arintzea erabaki dute. Horrela, zahar etxeetan bizi diren adineko pertsonek kalera ateratzeko aukera izango dute egunero, paseo bat ematera. Gainera, astean bi senideren hiru bisita jaso ahalko dituzte egoiliarrek: bisitak ordubetekoak izango dira. Neurri horrek Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako zahar etxeetako egoiliarrei eragingo die.
Astebete daramate indarrean alarma egoeraren osteko osasun neurriek. Ondorengoak dira:
- Hego Euskal Herriko mugikortasuna librea da.
- Espainiako Estatuko gainontzeko autonomia erkidegoetara joan daiteke.
- Posible da edozein ordutan kalean egotea. Hala ere, Iñigo Urkullu lehendakariak eskatu du norberak bere mugikortasuna 23:00etatik 6:00etara mugatzeko, “borondatez”.
- Beste pertsona batzuekin elkartzea, kopuru mugarik gabe, bi salbuespenekin: ostalaritza establezimenduetan, gehienez lau pertsona elkartu daitezke mahai bakoitzean. Bestalde, kirola 6 pertsonako taldeetan egin daiteke gehienez. Hala ere, eskatu du bilkurak lau lagunetara mugatzeko.
- 22:00etan ostalaritza establezimenduak itxi behar dira, baita kultura, gizarte eta merkataritza jarduerak eten ere.
- Merkataritzan, 150 metro koadro baino gehiagoko establezimenduetan gehienezko edukiera %40koa da, eta 150 metro koadrotik beherakoetan %60koa. Azoka txikietan, baimendutako postuen %50 jarri ahal daitezke.
- Elkarte gastronomikoak, lonjak eta gazteen lokalak itxita daude.
- Ostalaritzan, barrualdeko edukiera %50era mugatuta dago. Debekatuta dago barran edo zutik kontsumitzea, eta, mahai bakoitzean, gehienez 4 pertsona egon daitezke. Nahitaezkoa da maskara erabiltzea, jateko edo edateko unean izan ezik.
- Gaueko aisialdiko establezimendu eta lokal guztiak itxita egongo dira oraindik.
- Joko aretoek 22:00etan itxi behar dute, eta edukiera %50era mugatu behar dute.
- Kultur guneetan edukiera %35era mugatu dute. Beila eta ehorzketetan, aire zabalean, 30 pertsona egon ahal dira gehienez; eta, leku itxietan, sei pertsona gehienez.
- Musika eta kantu jardueretan Osasun Publikoaren Zuzendaritzaren gidalerroak betetzen dituen protokoloak egin beharko dituzte.
- Kirol instalazioen edukiera %50era mugatu dute, eta aldagelena %35era. Ez da ikuslerik egongo kirol ekitaldietan.
- Kirola aire zabalean edo barnealdean egiteko, gehienez sei pertsona elkartu ahalko dira. Eskola kirolaren entrenamenduan ezingo dira aldagelak erabili. Maskara derrigorrez erabili behar da, lehiaketetan eta kanpoan egiten den jarduera fisikoetan izan ezik.

