Ekialdeko auzoek pairatzen dituzten desorekekin amaitzeko hiri martxa antolatu du EH Bilduk
EH Bilduk agerraldia egin du asteazken goizean udaletxean, hiriko ekialdeko auzoetarako –Altza, Bidebieta eta Intxaurrondo– dituzten proiektuen berri emateko. Hain zuzen, hilaren 30ean hiri martxa bat egingo dutela azaldu dute, Ekialdean Bizi eta Lan. Terminemos con las desigualdades entre barrios lelopean. Herrerako Euskotrenen geltokitik abiatuko dira 11:00etan, eta udaletxeraino joango dira. Era berean, auzo horietako arazoak eta erronkak jasotzen dituen ‘Desorekak agerian ekialdean’ aldizkaria argitaratu dute, eta Intxaurrondoko, Altzako eta Bidebietako 18.000 buzoitan uzten ari dira. Internet bidez ere irakur daiteke aldizkaria, hemen klik eginda.
Euren “lan ildo nagusietako bat Altzako, Intxaurrondoko eta Bidebietako bizilagunen bizimodua hobetzea” dela azpimarratu dute, eta aspalditik horren alde lan egiten dabiltzala azaldu dute: “EH Bilduk udal gobernuaren erantzukizuna bere gain hartu zuenean, 2011n, hiriko arazo oso larri bat konpontzeko konpromisoa hartu zuen: Martutenen eta Txomiñenean aldizka izaten ziren uholdeekin amaitzea. […] Hura bideratu ondoren, esan genuen hiriaren hurrengo erronkak Altzak, Intxaurrondok eta Bidebietak hiriko gainerako auzoekiko dituzten desorekak ezabatzea izan behar zuela”.
Hala ere, udal gobernuak “eredu zentralistaren” aldeko apustua egiten duela salatu dute, “inbertsio gehienak erdigunerako pentsatuta baitaude”. Donostian, betidanik dikotomia bat izan dela gaineratu dute: “Zerbitzuak erdigunean eta ekialdean etxebizitzak. Eta ukaezina da hiriko oinarrizko zerbitzuak eskuratzeko zailtasunek eta proiektu traktore berririk ez sustatzeak desberdintasun sozioekonomikoak areagotzen dituztela. Gainera, hiri ekipamendu eta zerbitzuen gabeziak herritarren eskubide oinarrizkoenak bete-betean gauzatzea oztopatzen du”.
Horrela, desorekak agerian uzteko, hainbat datu nabarmendu dituzte. Hiriaren ekialdean 44.840 pertsona bizi direla gogoratu dute –Bidebieta (8.951), Altza (20.450) eta Intxaurrondo (15.439)–, “lau donostiarretik bat”, baita hiru auzo horiek beti hiriko langabezia datu altuenak dituztela azpimarratu ere. Familia errentaren kasuan ere antzeko fenomenoa gertatzen dela nabarmendu dute: “Altzako etxeetan urtean sartzen den batez besteko dirua Zorroaga- Miramonen baino 3,5 aldiz txikiagoa da. Eta urtetik urtera handitzen doa tartea”. Era berean, deitoratu dute Altzan, Bidebietan eta Intxaurrondon gainerako auzoetan baino pertsona gutxiagok dituztela goi mailako ikasketak, eta pertsona gutxiago daudela zuzendari edo profesional tekniko lanpostuetan. Bestalde, “Altzan, Bidebietan eta Intxaurrondon batez besteko bizitza itxaropena Aieten baino lau urte txikiagoa da”, gaineratu dute.
Hori dela eta, bizilagunek auzo horietan zerbitzuak eta azpiegiturak izateko betidanik asko borrokatu behar izan dutela nabarmendu dute: “Adibide historiko asko daude: 1960ko eta 1970eko hamarkadetako autobus zerbitzuaren eta argiztapen publikoaren aldeko borroka, anbulatorioa, Larratxoko haurtzaindegia, eta abar. Ondorengo adibideak ere ez dira falta: Bidebietako institutua ez ixteko antolatutako ‘marea horia’; Intxaurrondoko trenbideak lurperatzeko borroka; Altzako behin-behineko kiroldegia eskatzeko dinamikak; Intxaurrondon barruko mikrobus zerbitzu bat ezartzeko aldarrikapenak; Bidebietako kultur etxearen aldeko sinadura bilketa, eta abar”.
Horregatik guztiagatik, hilaren 30eko hiri martxan parte hartzera animatu dituzte auzo horietako herritar guztiak, udalari eskatzeko desorekekin amaitzeko neurriak hartzeko.