Zahar etxeetako langileek greba eguna dute gaurkoa
Martxo bukaerako manifestazioa. (Argazkia: ELA Donostia) Zahar etxeetako langileak greba egiten ari dira gaur, Gipuzkoako Foru Aldundiari “lan baldintza duinak eta egoiliarrentzako kalitatezko zerbitzua” eskatzeko. Zahar etxeetako langileek adierazi dute “abandonatuta” daudela: “Pandemian gure bizitzak arriskatu genituen, eta hori egin izanaren ordaina umiliatzea, alde batera uztea eta balioa galtzea da. Badakite erresidentzien ereduak huts egin duela eta hura aurrera ateratzeko gure mende daudela, langileon mende. Horregatik esplotatuak eta menderatuak behar gaituzte eredu hura iraunarazi ahal izateko”, adierazi du ELA sindikatuak.
Langileek adierazi dute ezin dutela egoera hori denbora gehiagoan luzatu: “Helduen egoitzetako langileek urte larregi daramate beraien eskubideen defentsan borrokan nahiz eta euren greba eskubidea %100eko zerbitzu minimoekin behin eta berriro urratuta izan den. Bizi duten egoera latz honen aurrean tinko helduko diote borrokari. Langileez gain jendartea aktibatzeko garaia da eta horregatik dei egiten dizuegu egingo diren mobilizazioetan parte hartzera”, adierazi du LAB sindikatuak.
Gaur elkarretaratzea egingo dute ADEGIren egoitzaren aurrean (Mikeletegi pasealekua, 54), 11:00etan. Ekainaren 14an ere greba egingo dute: 250. greba eguna guztira.

