'Zuk esan': Sara Ayesaren eta Amaia Ibarbiaren arteko elkarrizketa
Amaia Ibarbia eta Sara Ayesa Arte Ederren ikasleen olio-pintura erakusketa dago ikusgai Loiolako kultur etxean: Zuk esan. Igeltsozko buru baten moldea margotu dute: batek alde bat, eta besteak bestea. Horrela hasten da bien lanen arteko elkarrizketa, bakoitzak bere estiloan. Horrela deskribatu du Amaiak Sara: “Sarak Facebook begiratzen duen moduan margotzen du, edozein abesti ahapetik kantatuko zuen bezala; ateratzen zaion bezala, harritzen nauen erraztasun eta distantzia batekin. Bere pinturak forma bigunak ditu eta ez da batere astuna. Koloreak hierarkia handirik gabe erlazionatzen ditu, edozein modutan, eta lan kartsu eta argitsua lortzen du”.
Sararen arabera, berriz, honelakoa da bere solaskidea: “Amaia ea zer azaltzen den probatzera doa. Harrituko duenaren bila. Mugimendua nahi du eta gauzak espero ez diren lekuan agerrarazten ditu. Bertan daude, baina ihesean aldi berean. Kosta ahala kosta, hasi dena aurrera atera nahi du, ondo egin, eta handik protagonistak agertzea lortzen du”.
Ekainaren 4ra arte izango da ikusgai Ayesaren eta Ibarbiaren erakusketa, Loiolako kultur etxean.