"Donostia orekatu eta justu batean bizitzeak ekidingo luke horrelako gertakariak egotea"
Markel Ormazabal EH Bilduko zinegotziaren arabera, donostiarren herri memoria eraikitzeko garrantzitsua da Ategorrietako sarraskia ezagutzea. Instituzionalki omentzeko iradokizuna egin dio EH Bilduk udalari, eta zenbait hitzaldi eta lore eskaintza bat antolatu ditu.
Maiatzaren 27an 90 urte beteko dira Ategorrietako sarraskia gertatu zenetik. EH Bilduren barruan, nola landu duzue gaia?
Gaiaren ezagutza ez zegoen oso hedatua donostiarren artean, baina ezaguna genuen, nahiz eta ez genuen inoiz gaia bere horretan hartu. 90. urteurrena betetzen dela baliatuta, ikusi genuen guk ere zerbait egin behar genuela. Iraganaren kontakizunak etorkizuneko proiektua baldintzatzen du, eta Donostia bezalako hiri batean oso argi ikusten dugu boterean mantentzen direnek nola egiten duten hiriaren inguruko kontakizun bat, eta kontakizun horrek herritarren identitatean eragina dauka; geure buruak horren arabera garatzen ditugu. Hemen oso argi dago 1813an Donostia erre zutenetik gerora kontatu diguten hiriari buruzko kontakizunean asko markatzen direla turismoa, belle époque-a eta eliteen udako eremua. Horretan guztian badago parte bat beti desagertuta dagoena: herri xeheari, herri klaseei eta langile klaseari dagokion historia da. Azkenean, gaur egun ditugun baldintza gutxi on horiek ere borroka guzti horietatik etorri dira: herri klase horiek egin duten lanarengatik, eta ez hainbeste boteretsuek hiri honetan egin duten lanarengatik. Garrantzitsua iruditzen zitzaigun gertakizun hau mahai gainean jartzea, hiriaren kontakizunean oso presente edukitzeko, eta garai hartako eta gaur egungo langile borrokak balioan jartzeko. Gertakizuna jakitea bera iruditzen zaigu aurrerapauso handia dela. Boteredunek kontrolatzen dute iraganaren kontakizuna, beraien gaur egungo pribilegio eta erosotasunak mantentzeko. Euskal Herrian langileen aurka egindako sarraskirik handiena da, eta guztiz desagertuta zegoen gure iruditegi kolektibotik.
Beraz, Ategorrietako sarraskia gogoratzea herri memoria eraikitzeko modu bat da?
Herri memoria da etorkizuneko proiektua baldintzatzeko daukagun tresna nagusietako bat herri klaseok. Guardia Zibilak ematen du estamentu bat beti egon dena eta beti egongo dena hor, eta gainera errespetu bat zor zaiona, eta ahaztu egiten gara Guardia Zibilak herri honetan jokatu duen paperaz. Oso presente dauzkagu Mikel Zabalzaren hilketa, torturak, eta Intxaurrondo, baina konturatzen zara Gerra Zibilaren aurretik, Errepublika ezartzean 1931n Guardia Zibilak bere funtzioa betetzen zuela: funtzio errepresiboa. Hori gogoratzea ere bada gaur egun Guardia Zibilari bere neurria jartzea. Herri memoria lantzen jarraitzeko modu bat da gertakaria oroitzea, eta gertakizun horiek hiriaren kontakizun ofizialean txertatzeko ahalegina egin behar da. Horregatik beragatik egin genion iradokizuna udal gobernuari instituzionalki ere hau oroitzeko. Erantzuna izan da aintzat hartu dutela, eta hor gelditzen da. Horrek ez du esan nahi beste modu batzuetan oroituko ez dugunik.
Beste zein modutan gogoratuko duzue Ategorrietako sarraskia?
Beste eragile batzuek egin duten bezala, hitzaldi saio batzuk antolatu ditugu. Tomasenen izan zen lehena, eta 26an, gertakarien urteurrenaren bezperan, San Jeronimoko kriptan izango da, Josetxo Otegi historialariarekin. 27an bertan, udalak zer egin egin gorabehera, goizean lore eskaintza bat egiteko asmoa dugu. Horretaz gain, maiatzaren 30ean hiri martxa bat daukagu antolatuta hiriaren ekialdetik udaletxeraino, salatzeko eta agerian uzteko gaur egungo udal politika neoliberalek eragiten dituzten auzoen arteko desorekak. Uste dugu Altzan, Bidebietan eta Intxaurrondon desoreka horiek gero eta ageriago geratzen direla. Garai horretatik dator, eta garrantzitsua da lotzea: duela 90 urte ari ziren ogia eta askatasuna eskatzen, eta gaur egun aldarrikapen berdina egin daiteke. Martxa bera bertatik pasako da, eta omenalditxo bat egingo zaio.
Ategorrietako Sarraskiaren antzekotasunik aurkitzen diozue ondoren gertatutako beste errepresio kasu batzuei?
Gasteizkoarekin erabat: azkenean dira langile klaseak egiten duen protesta kolektibo batean kidego polizial ezberdinek –Ategorrietako kasuan Guardia Zibilak, eta Gasteizkoan Espainiako Poliziak– egiten dituzten eskuhartze desberdinak. Horrelako hildako kopuruaz hitz egiten dugunean parekotasun handiena Gasteizkoarekin agertzen da, baina aurretik sekulako kasu pila bat daude Donostian langile klaseak egindako mobilizazioetan poliziak egindako eskuhartzearekin. Kasu honetan badago gauza kurioso bat, eta da ejerzitoa dagoela lehenengo, eta gero guardia zibila. Ejerzitoak erabaki zuen ez kargatzea, armak jaistea, eta Guardia Zibila da karga egiten duena. Nik uste dut zer pentsatua ematen duela. Gainera, gaur egun Tubacexeko langileekin gertatzen ari denak –zorionez hildakorik egon ez den arren–, ikusten ditugun irudiek horixe gogorarazi diezagukete, baita greban ez dauden langileekin gertatzen ari denak ere.
Zer egin behar dugu horrelako sarraskirik berriro gerta ez dadin?
Lehenik eta behin, Guardia Zibila Euskal Herritik joatea. Nahiz eta gaur egun ezinezkoa den, herri kontrol baterako aukera eskainiko duten gorputz polizial batzuk edukitzea. Bigarrenik, langileek grebarik egin behar ez izateko egiazko baldintza sozioekonomikoak sortzea, ez dadin beharrik egon horrelako greba edota borrokarik egiteko. Nire ustez, Donostia orekatu eta justu batean bizitzeak ekidingo luke horrelako gertakariak egotea.