Etxegabeen elikadura bermatzeko laguntzak aterako ditu udalak
Hiriko taberna eta jatetxe baimenduetan otorduak egin ahal izango dituzte. Etxegabeei afari beroak ematen dizkieten Parte Zaharreko eta Egiako boluntarioen ustez, neurri hauek ez dira eraginkorrak izango laguntzak jasotzeko jarritako baldintzengatik.
Parte Zaharrean etxerik gabeko pertsonei afari beroak prestatzen dituen herritarren boluntario sare bat dago. Joseba Parron San Sebastian Deialdi honen helburua da, bazterketa egoeran dauden eta gune normalizatua partekatzeko gaitasun sozialak dituzten pertsonei udal honen kolaboratzaile izendatutako tabernetan, jatetxeetan edo ostalaritza zentroetan otorduak egiteko diru laguntzak ematea». Horrela dio, Gizarte Ekintza sailaren ekimenez, Donostiako Udalak maiatzaren 4an onarturiko erabaki batek. 173.250 euroko hasierako gastua ezarri zuten, beharren arabera handitu daitekeena. «Pertsona hauen elikadura egokia bermatzea da asmoa, aldi berean inguru normalizatu eta ez estigmatzailean egoteko aukera eskainiz», jasotzen du erabakiak.
Udal gobernuaren eta Elkarrekin Donostiaren arteko akordio bati esker bideratuko dituzte aipaturiko laguntzak. Izan ere, 2021eko aurrekontuetan Elkarrekin Donostiak zuzenketa bidez eskatu zuen etxegabeen elikadura bermatzeko diru laguntzak handitzeko. Horrela, udalak egingo duen gastua adosturiko diru zati horri dagokio.
Etxerik gabeko pertsonak ostalaritza zentroetara sartzeko diru laguntzen deialdia onartuta, udalak prozedura abian jarri du. Etxegabeek Gizarte Larrialdietako Udal Zerbitzuan eska ditzakete laguntzak –abenduaren 31ra bitarte–, eta hainbat baldintza bete beharko dituzte. Besteak beste, adinez nagusia edo adingabe emantzipatua izatea, baliabide ekonomikorik ez izatea, jantoki batean moldatzeko autonomia izatea eta Donostian erroldatuta egotea –salbuespen gisa, baldintza hori bete ez arren gizarte zerbitzuekin nolabaiteko lotura duten pertsonak onartuko dituzte–. Bestalde, udala hasi da ostalaritza zentro laguntzaileen zerrenda osatzen.
Laguntzen xehetasunei dagokienez, otorduak dira etxegabeei eskainiko dizkietenak. Bazkaria ostalaritza zentroko jantokian kontsumituko dute. Asteko atsedenerako edo oporretarako ez diren egunetan, afaria ostalaritza zentroan egin ahal izango dute, edo beste leku batean kontsumitzeko poltsa batean eraman ahalko dute. Aldiz, ostalaritza zentroa atsedenagatik itxita dagoen egunetako bazkari eta afarietarako, laguntzen onuradunei jakien poltsa bat emango diete kontsumitzeko.
Afariak ematen jarraituko dute
Etxerik gabeko pertsonak elikatzen dituzten Parte Zaharreko eta Egiako boluntarioek ontzat jo dituzte udalaren neurriak, baina orain arte bezala kalean dauden pertsonei afariak ematen jarraituko dutela adierazi diote hedabide honi. «Neurri hauek egokiak izan arren, ezarritako baldintzak betetzen ez dituzten etxegabe asko daude Donostian. Beraz, ez dira eraginkorrak izango. Hori dela eta, kalean bizi diren pertsonak laguntzen jarraituko dugu», azaldu du Agus Rodriguezek, Parte Zaharreko boluntario sareko kideak.
Udalak eta etxegabeen aldeko lana egiten duten hainbat eragilek bilerak egin dituzte arazoari aurre egiteko. Izan ere, kalean bizi diren pertsonen kopurua hazi egin da, are gehiago pandemia garaian. Bilera horietan udalak jar ditzakeen baliabideez hitz egin dute, eta eragileek ere dituzten beharrak adierazi dituzte. Esaterako, Parte Zaharreko boluntarioen sareak lokal txiki bat uzteko eskatu zion udalari, eta etxegabeei janaria emateko edukiontzi batzuk erosteko. Ordea, udalaren ezezkoa jaso zuten, eta adierazi zieten etxegabeei laguntzeko diru guztia ostalaritza zentroetako otorduen egitasmora bideratuko zutela.
«Bi edo hiru hilabetetan abian jartzea aurreikusten du udalak, baina ez zait batere erreala iruditzen. Turismo bonuak tramitatzeko hilabete asko behar izan zituzten», dio Rodriguezek. Horrekin batera, etxegabeei otorduak ostalaritza zentroetan egiteko aukera ematea «konplexua» iruditzen zaio: «Integrazioaren ikuspegitik ideia polita iruditzen zait, baina ez dirudi erraza izango denik».

