Berra zahar etxeko egoiliar bat behar bezala artatu ez izana salatu du haren senide batek
Altzako Berra zahar etxeko 84 urteko egoiliar batek egoitzan pairatutako arreta eza salatu du haren senide batek Eldiario.es hedabidean; DomusVi enpresak kudeatzen du Berra zahar etxea.
84 urteko emakumea martxoaren 11n zendu zen Donostiako ospitalean, haren senideek ondoezik hara eraman ostean. Aipatu hedabideak egoiliarraren senidearen bidez argitaratutako informazioaren arabera, osasun langileak konturatu ziren egoiliarrak larruazalean zauriak, ultzerak eta eskarak zituela, eta emakumea zahar etxe batean bizi zela jakinda, “harridura” agertu zuten, halako egoitzetan arreta pertsonalizatua eskaini ohi baitiete egoiliarrei. Mota horretako urradurak ohikoak dira mugitzeko gaitasun gutxi duten pertsonengan, arropen igurtziagatik, eta horregatik, garrantzitsua da azala lehor mantentzea eta behaketa jarraitua egitea.
Ospitaleko osasun langileek zaurien argazkiak egiteko baimena eskatu zieten senideei, emakumearen egoeraren dokumentazio grafikoa gisa. Hain zuzen, argazki horiek emakumearen heriotzaren mediku txostenean atxikita daude. Senideak Eldiario.es hedabidean nabarmendu du ospitalera eraman zutelako jakin zutela nola zegoen, egoitzan hil izan balitz ez baitzuten inoiz jakingo. Horrez gain, azaldu du egoiliarrak klabikula hautsi zuela aste batzuk lehenago lurrera erori ostean, baina lesio hori ez ziotela artatu zazpi egun pasa arte.
Egunkaria espainiarrak gertatutakoarengatik galdetu dio DomusViri, baina kanpoko komunikazio agentzia baten bidez idatzi duten txostena baino ez du jaso. Oharrean, ez dituzte aipatu larruazaleko zauriak, eta familiaren kexen aurrean diote egoitzak zuzen jokatu zuela hasieratik. Hala ere, bere lankidetza eskaini die senideei.
Gertatutakoaren aurrean, Gipuzkoako Senideak elkarteak gertaera gaitzetsi du, eta Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatu dio “ahalik eta lasterren ikerketa bat hasteko eta erantzukizunak argitzeko, ez baita egoitza honetan gertatu den kasu bakarra”. Izan ere, Berran izan dira koronabirusak Euskal Autonomia Erkidegoko zahar etxeetan eragindako heriotza gehienak: datu ofizialen arabera, hogei egoiliar hil dira COVID-19ak jota, baina osasun langile batek Eusko Legebiltzarraren aurrean eskainitako datuen arabera 35 bat dira birusak jota Berran hildakoak.
Donostiako Villa Sacramento zahar etxea ere kudeatzen du DomusVik, eta han ere eztabaida sortu da berriki, 2020ko abuztutik 2021eko martxora arte FFP2 maskarengatik kobratu baitzieten, ohiko kuotaz gain. Era berean multinazionalak beste salaketa bat jaso zuen martxoan: leporatu diote hileta zerbitzuak eskaintzen dituen enpresa batekin akordioa zuela egoitzetako erabiltzaileen artean bezeroak lortzeko.