Gazte Sortzaileen Eguna izango da larunbat hau
Sorkuntza Txokoa duela urtebete sortu zuten Parte Zaharreko zenbait gaztek, konfinamendu garaian gazteek sorkuntzari ekiteko eta elkarren artean partekatzeko. Haien jarduna, ordea, ez zen konfinamenduarekin amaitu. Gazte sortzaileentzako espazio bat eskaintzen dute Sorkuntza Txokoan, haien sorkuntzak partekatzeko, aisialdirako, eta euskara eta euskal kultura bultzatzeko. Literatur liburuxka bat sortzeari ekingo zioten apirilean, eta arratsalde sortzaileak ere egiten dituzte.
Larunbat honetan, Gazte Sortzaileen Eguna antolatu dute Trinitate plazan. Egun osoko egitarau kulturala izango du egitasmoak. 12:00etan aurkeztuko dute, eta 12:30ean mural bat margotuko dute. 13:30ean Auzoa sormenez apaintzen izeneko tailerra egingo dute, eta 14:30ean bertso saio bat egongo da (bazkaria etxetik eramateko esan dute). 16:00etan literatur liburuxka aurkeztuko dute, eta 16:30ean mikro irekia egongo da. Ondoren, hainbat kontzertu izango dira: Mugan taldea, 18:00etan; Musika Kalean taldea, 19:00etan; eta amaitzeko, DJ Miniño, 20:30ean.