Bidebietako kultur etxearen eskaerari erantzuteko eskatu dio EH Bilduk Udal Gobernuari
Denbora asko daramate Bidebietako auzotarrek kultur etxe bat aldarrikatzen, eta EH Bilduk Udal Gobernuari eskakizun horri jaramon egitea ekatu dio. Izan ere, kultur etxerik ez duen auzo jendetsuena da Bidebieta, eta EH Bildurentzat “ekialdeko auzoek pairatzen duten desberdinkeriaren” erakusgarri bat da hau.
Hau dela eta, EH Bilduk mozio bat aurkeztuko du ostegun honetako udalbatzarrean, eta aurten bertan azterketa bat egin dezala eskatuko dio udalari, Bidebietan kultur etxe bat sortzeko aukerak ikertzeko, eta horretarako beharko diren baliabideen aurreikuspenak egiteko. Eta, txostena egin ostean, udal taldeei horren berri ematea.
Bidebietako Auzo Sareko bizilagunek auzoan kultur etxe bat lortzeko kanpaina abiatu dute, eta EH Bilduk Udal Gobernuari galdetu dio ea Bidebietan kultur etxerik sortzeko aurreikuspenik duten. EH Bilduren arabera, Udal Gobernuak aukera hori aztertu izan dutela izan da erantzuna, baina inbertsioak behar dituzten beste auzo berri batzuk daudela gehitu dute.
Aurrekontuetan, eztabaidagai
2020ko Ekialdeko Barrutiaren aurrekontuetan EH Bilduk eta Herripe elkarteak proposamen bana egin zuten Bidebietan kultur etxea sortzeko, eta 2021eko aurrekontuen eztabaidan koalizio abertzaleak zuzenketa bat aurkeztu zuen, auzoko Moneda baserrian kultur etxe bat egiteko, Kutxa Fundazioarekin batera; Udal Gobernuak ez du proposamen hau onartu.