Ikertzen ari dira Okendotegiko tren pasabideko lanetan gertaturiko istripua
Larunbat gauean bi langile zauritu ziren Hernani-Astigarraga zatiko trenbidea zabaltzeko lanetan. Euskal Trenbide Sarea (ETS) da obraren arduraduna, eta hedabide honi adierazi diote bi langileak ondo daudela.
Abiadura Handiko Trenari bidea egiteko, eta hirugarren haria ezartzeko trenbide sarean dauden oztopoak kentzen ari dira. Horietako bat zen Okendotegi pasabide azpiko harrizko horma bat. Hori eraisteko lanak larunbat gauean egin zituzten, eta botatzerakoan bi langile trenbidera erori eta arin zauritu ziren. ELA sindikatuak jakinarazi duenez, Mariezcurrena enpresako nagusia eta ekoizpen arduraduna dira zauritutako pertsonak.
Gertaturikoaren bideoa sare sozialetan zabaldu du EH Bilduko parlamentari Unai Fernandez de Betoñok.
Bideo ikaragarri hau pasa didate (whatsapp talde askotan egongo da jada).
— Unai Fdz. de Betoño (@UnaiFdB) May 24, 2021
Asteburu honetan jazotako istripua ei da.
AHTaren obrak dira, Martuteneko Okendotegi parean.
Langileak ondo daudela esan digute.
Azalpenak eskatuko dizkiogu Arriolari. pic.twitter.com/lUE9yuLDYA
ETS da aipaturiko lanen arduraduna, eta istripua argitzeko ikerketa abiatu dute. Hedabide honi adierazi diotenez, bi langileek zauri arinak izan zituzten, gizonezko batek eta emakumezko batek. Emakumea ospitalera eraman zuten, baina ez duen gaua han pasa. Horrela ere, bajan dago.
Donostiako Udalak ez du gertatutakoaren inguruko informaziorik eman. Eneko Goia alkateari istripuaren inguruan galdetu diote Tokiko Gobernu Batzorde osteko prentsaurrekoan. Goiak adierazi du ez zuela istripuaren berri.
ETSri kritika
Donostiako Metroko lanen ETSren jarraipen batzordea egin zuten atzo udaletxean, eta larunbat gaueko istripuaren inguruan ez zuten ezer adierazi. EH Bilduk ETSren jarrera kritikatu du ohar bidez: “Onartezina da Donostian egiten ari den obra guztietan gertatzen diren gorabehera guztiak nahita ezkutatzeko ETSk hartu duen erabakia, bai metroaren igarobidearen obretan, eta bai AHTaren lanetan”.
Mariezcurrena enpresako bi langile dira zauritutakoak, eta EH Bilduk adierazi du enpresa horrek metroko lanetan ere parte hartu zuela. Zehazki, Mirakontxa-Easo zatiko lanetan, bertan behera utzi zituztenak. “Eusko Jaurlaritzak, bere gain hartu zuen lehen lizitazioa bertan behera uzteko erantzukizuna, obren planifikazio txarra onartuz eta enpresa pribatuari kalte ordaina emanez. Orain, enpresa bera agertu da AHTren obretan, eta beste istripu bat izan du berriz ere. Ez da ulertzen zergatik administrazio publikoak ez duen egiten obra publiko handietan kontrol estuagorik”, azpimarratu du udal taldeak.