"Irabaziak pribatizatu eta galerak sozializatu ditu" udalak, EH Bilduren ustez
EH Bilduko udal taldea, gaur goizean. (Argazkia: Mikel Elkoroberezibar Beloki) Donostiako udal gobernuaren legegintzaldiaren erdia pasatu da, eta EH Bilduren arabera, “bere hiri eredu neoliberalaren higadura eta bere politika askoren porrotak nabariak dira”. Reyes Carrere bozeramaileak azaldu du Donostiako Udalak “gobernantza eredu autoritarioa” duela, eta “bi abiadurako hiri bat” eraikitzen ari dela: “Udal Gobernuak eredu zentralista baten aldeko apustua egiten jarraitzen du, hiriaren erdialdean inbertsio gehienak eginez. Auzoetan proiektu ekonomiko berririk ez egoteak desberdintasun sozioekonomikoak areagotzen ditu, batez ere Altzan, Intxaurrondon eta Bidebieta”, nabarmendu du koalizioko bozeramaileak. Ekialdeko auzoek pairatzen dituzten desorekekin amaitzeko hiri martxa antolatu du EH Bilduk igande honetarako.
Pandemiari aurre egiteko modua “neoliberala” izan da EH Bilduren arabera: “Irabaziak pribatizatu eta galerak sozializatu ditu”. Etxebizitza larrialdia, auzoen arteko desberdinkeria, turismoaren garrantzia, eta zerbitzuen pribatizazioa salatu ditu koalizio abertzaleak, besteak beste.
“Beste hiri eredu bat” proposatu du EH Bilduk. “Eredu parte-hartzaile eta garden” bat defendatu dute, “zaintza eredu publiko berria”, eta Altza, Bidebieta eta Intxaurrondo auzoek gainerako auzoekiko jasaten duten desberdinkeriari aurre egiteko “proiektu traktoreak” burutzea proposatu dute: esaterako, Altzako Eraikuntza Institutua kooperatibentzako gune bat bihurtzea. Klima aldaketari aurre egiteko, hiriko “gerriko berdea” (Belartza eta Antondegi) babestu behar dela nabarmendu dute, eta etxebizitza politika berri bat behar duela hiriak: “pisu turistikoak murriztea, alokairuaren prezioa mugatzea, eta alokairu sozialeko etxebizitza parke publiko handi baten aldeko apustua”, hain zuzen ere. Auzoetako denda txikien aldeko apustua egin dute, eta euskara, euskal kultura eta nortasuna “lehen lerrora” ekarri behar direla adierazi dute.

