Metroaren lanetako kamioilari batek salatu du "mehatxuak" jaso izana
Donostiako metroaren lanak. (Argazkia: ELA sindikatua) Metroko lanak burutzeko azpikontratatutako enpresa batean lan egiten duen kamioilari bat elkarrizketatu du Berria egunkariak, eta langileak adierazi du bere nagusiak kamioiaren gainkarga bikoiztera behartu izan zuela. Imanol du izena, eta Morlansko tuneletik ateratako materiala zabortegira kamioiean eramatea zen bere lana obran. “Zer egin daiteke lana merkeago atera dadin? Bidaia bakarrean bi bidaietako karga eraman. Hiru ardatzeko kamioi batean, legez, hamabi tona garraia ditzakezu, eta gu 24rekin ibiltzen ginen. Gaitasuna bikoizten genuen”, salatu du kamioilariak. Nagusiak adierazi zion legezko pisuan eramanda “ez zuela dirurik ateratzen”, kamioilariak adierazi duenez.
Ibilgailuen azterketa teknikoa (IAT) eta gero kamioia tailerrera eraman ordez, lanera eraman behar izaten zutela ere salatu du kamioilariak.
2019ko udan egoera salatu zuen, eta adierazi duenez, nagusiaren “mehatxuak” jaso zituen: “Esan zidan salaketa kentzen ez banuen istripu bat izango nuela eta oso gaizki pasako nuela. Sindikatuarekin erabaki nuen hori Ertzaintzan salatzea. Handik hamar egunera, beste dei bat jaso nuen, sikario batena-edo. Esan zidan hilabete amaierara arte nuela salaketa kendu eta enpresatik alde egiteko, eta bestela ondorioak jasango nituela”.
Hala ere, enpresako irregulartasunak eta jasotako mehatxuak salatu ditu Imanolek, eta epaiketa du bihar Donostiako Zigor Auzitegian.

