Bidebietan kultur etxea jartzeko egitasmoa aztertuko du udalak
Donostiako Udalbatzak aho batez onartu du udalak Bidebietan kultur etxe bat jartzeko azterketa bat egitea. EH Bilduk maiatzeko udalbatzarrera eraman du Bidebietako bizilagunen aspaldiko eskaera, eta udal talde guztiek babestu dute. Gainera, duela gutxi Bidebietako Auzo Sareko bizilagunek kanpaina bat abiatu dute auzoan kultur etxe bat izateko.
“Zor historiko batetaz ari gara. 50 urte dira auzoa sortu zela. Premia asko dituzte eta horietako bat da kultur etxea”, azaldu du Zigor Etxeburua EH Bilduko zinegotziak. Batzordeetan udalak adierazi zuen pasa den legealdi bukaeran azterketa txiki bat egin zuela, baina une honetan ekonomikoki ez dela bideragarria. “Aztertu dituzuen aukeretako batekin aurrera egitea erabakitzen baduzue, gure babesa izango duzue”, gaineratu du Etxeburuak. Bestalde, kultur etxearen prozesua Bidebietako herritarrekin batera egiteko eskatu dio udal gobernuari.
Bidebietako ekipamendu faltaz “kontziente” da udal gobernua, Jon Insausti Kultura zinegotziak erantzun duenez. “Donostia Kulturako zuzendaritzak ikerketa txiki bat egin zuen. Kontadoresera joan ginen Sustapenak okupatzen zuen solairu bat libre dagoelako. Gastu handia suposatzen zuen han kultur etxe bat egokitzea, eta baztertu zen. Gure asmoa da kultur etxe bat jartzea, baina beste lehentasun batzuk daude”, azaldu du Insaustik.
Mozioa puntuka bozkatzea eskatu dute udal taldeek, eta lehena da babestu dutena, ikerketa bat abiatzeari dagokiona. Aldiz, bigarrenaren kontra bozkatu dute EAJk, PSE-EEk eta PPk. “Ez dut ulertzen zergatik ez duzuen bigarrena babestu. Kultur etxearen kokapena auzotarrekin batera adosturikoa izan behar da. Beraiekin hitz egitea beharrezkoa da. Urte asko pasa dituzte isilik, eta orain abian jarri direla, komeni da bide hau beraiekin batera egitea”, nabarmendu du Etxeburuak.